“Donostia Euskalduntzeko Urratsak” aurkeztu ditu Udalak

Jon Insausti alkateak Donostian euskara sustatzeko 2026-2036rako bide-orria partekatu du Tabakaleran

2026/05/27 argitaratua


​​​​​​Jon Insausti Donostiako alkateak Donostian Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa 2026-2036 aurkeztu du, Tabakalerako Prisma aretoan egindako ekitaldi instituzionalean.
 
Donostia Euskalduntzeko Urratsak” izenburupean, ekitaldiak plan estrategikoaren norabidea ezagutarazteaz gain, hiri gisa euskararen inguruan egin beharreko bidea irudikatu du.

Halaber, hizkuntzari leku handiagoa egiteko gonbita luzatu du eremu guztietan: eguneroko erabakietan, kalean, auzoetan, familietan, ikastetxeetan, dendetan, kirolean, kulturan eta erakundeetan.

Insaustik nabarmendu du gaur aurkeztutakoa ez dela dokumentu huts bat: “Gaur, Donostiak datozen urteetan euskararekin egin nahi duen bidea partekatzen dugu”. Alkateak azpimarratu du plana ez dela hutsetik sortu, hamarkadetan zehar egindako lanaren jarraipena dela baizik: erakundeek, euskalgintzak, ikastetxeek, familiek, sortzaileek, merkatariek eta ostalariek, kirol eragileek eta herritar askok egindako urratsen emaitza. “Izan zirelako gara. Eta gaur garen horretatik, izango den Donostia eraikiko dugu”, gaineratu du.

Erronka nagusia: ezagutza erabilera bihurtzea

Planak 2026tik 2036ra arteko ikuspegia jasotzen du, eta helburu nagusi bat du: ezagutza erabilera bihurtzea. Izan ere, alkateak gogorarazi du Donostian euskararen ezagutzak gora egin duela azken hamarkadetan, baina hurrengo jauzia erabileran dagoela: “Gure erronka ez da soilik euskara jakitea. Gure erronka da euskaraz eroso bizitzea, erabiltzea, partekatzea eta gozatzen ikastea”.

Insaustik adierazi du Donostia gero eta anitzagoa dela, eta testuinguru horretan euskarak kohesiorako eta bizikidetzarako tresna izan behar duela: “Euskarak Donostia garaikide, ireki eta anitz baten erdigunean egon behar du. Euskara kohesiorako tresna izan daiteke, bizikidetzarako zubi eta hiri-nortasun partekatu baterako oinarri”.

Plan Estrategikoaren erronka nagusien artean honako hauek daude:

  • Ulermena orokortzea eta euskaraz eroso arituko diren hiztunen kopurua handitzea.
  • Familia bidezko transmisioa indartzea eta euskararen arnasguneak sustatzea.
  • Etorri berriak euskarara hurbiltzeko bide inklusiboak garatzea.
  • 0 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako euskarazko aisialdi-eskaintza orokortzea zabaltzea.

Alkatearen hitzetan, Donostia euskalduntzea proiektu kolektiboa da: “Erronka hau ez da Udalak bakarrik erantzun dezakeen zerbait. Euskalgintza, ikastetxeak, kultur eragileak, kirol klubak,  ostalariak eta merkatariak, enpresak, auzoetako eragileak, gainerako administrazioak eta herritarrak behar ditugu”.

Deskargatu eskuorria >