Artikutzak San Agustin eguna ospatuko du ostiral honetan
Finkak, salbuespen gisa, ateak irekiko ditu, eta pilota-partidak, bertsolariak eta herri-kirolaren erakustaldiak izango dira bertan, besteak beste
2026/08/26 argitaratua
Datorren ostiralean, abuztuaren 28an, Artikutzak berriro ospatuko du San Agustin eguna, Donostiako Udalaren jabetzakoa den enklabe honen egutegiko jardunaldi aipagarrienetako bat, hain zuzen. Egun horretan, finkak salbuespenez irekiko ditu ateak, euskal kulturaren, herri-kirolaren eta naturaren inguruko ehunka pertsona bilduko dituen jaieguna ospatzeko.
Artikutzako ateak 8:00etatik aurrera egongo dira irekita, eta sarrera librea izango da. Bisitariak bertara errazago iristeko, urtegia inguratzen duen pistan aparkaleku bat jarriko da, ibilgailuak bertan aparkatu ahal izateko. Gainera, egunean zehar bi txosna jarriko dira, janariarekin eta edariarekin, eta artisau-produktuak saltzeko eta erakusteko postuak ere egongo dira.
Programazioa 11:30ean hasiko da pilota-partidekin, eta norgehiagokak izango dira, bai emakumezkoen kategorian, bai gizonezkoen kategorian. 16:00etan, Alaia Martin eta Xabat Ilarregi bertsolarien txanda izango da; 17:00etan, berriz, herri-kirolen erakustaldi bat egingo da, non aizkolariek eta harri-jasotzaileek parte hartuko duten. Jardunaldiaren amaieran erromeria tradizionala izango da 20:00etatik aurrera, Itzal taldearen eskutik.
Artikutzaz gozatzeko egun bat
Urtero, San Agustin eguna aukera paregabea da Artikutzara hurbiltzeko eta Euskal Herriko naturgune berezi honetaz gozatzeko –Euskal Herrian ongien kontserbatuenetako bat da– . Goizuetako udalerrian kokatuta dagoen eta 1919az geroztik Donostiako Udalaren jabetzakoa den finka horrek 3.700 hektarea inguruko azalera du.
Mende batez baino gehiagoz, udal-kudeaketa estuki lotuta egon da bertako natura-baliabideen kontserbazioarekin. Artikutza erosi zen, hasiera batean, Donostiako ur-hornidura bermatzeko. Horren ondorioz, azpiegitura hidrauliko garrantzitsu bat garatu zen bertan, eta, aldi berean, neurriak ezarri ziren uraren kalitatea babesteko eta finkaren barruan jarduera jakin batzuk mugatzeko.
San Agustin eguneko ospakizunari esker, natura-ondare horretaz gozatu ahal izango da jai-giroan, eta, aldi berean, balioa emango zaio Artikutzaren, herritarren eta ingurunearen kontserbazioaren arteko harreman historikoari.
Jarduera-programa
11:30 | Pilota-partidak
Emakumezkoak
- Amaia Aldai - Larraitz Galardi
- Goiuri Zabaleta - Miriam Arrillaga
Gizonezkoak
- Oihan Etxeberria - Haitz Aranburu
- Xabi Salaberria - Eneko Zalakain
16:00 | Bertsolariak
- Alaia Martin
- Xabat Ilarregi
17:00 | Herri-kirolen erakustaldia
Aizkolariak
- Iker Vicente - Txomin Amundarain
- Ugaitz Mugerza - Arkaitz Etxebeste
Harri-jasotzaileak
- Mikel Lopetegi "Urra"
- Lierni Osa
- Maddi Gesalaga
20:00etatik aurrera
- Itzal taldearen emanaldia