Auzo Orri proiektuak Groseko istorioekin osatutako fanzine kolektibo bat aurkeztu du
Ekimenak irakurketa eta idazketa erabiltzen ditu lotura komunitarioak indartzeko eta auzoari buruzko kontakizun partekatua eraikitzeko
2026/07/17 argitaratua
Donostiako Udalak Auzo Orri fanzine kolektiboa aurkeztu du gaur goizean. Argitalpen horretan, auzotarrek azken hilabeteotan partekatu dituzten istorio-aukeraketa bat jaso eta Gros auzoari itzultzen zaio.
Erlauntza Gros sare komunitarioak bultzatutako ekimena auzoko eragileek elkarrekin partekatutako galdera batetik sortu zen: nola sortu aukera gehiago Grosen eguneroko bizitzan lotura indartzeko. Gogoeta komun horretatik abiatuta, proiektuak irakurketa, idazketa eta kontakizunak proposatzen ditu, elkarrekin egoteko aukerak sortzeko, auzotarren arteko loturak indartzeko eta auzoko eguneroko bizitzari balioa emateko.
Hainbat esparruren inplikazioari esker, proposamena beste pertsona eta arlo desberdinetara hurbildu ahal izan dugu, eta hainbat ahots, adin, esperientzia eta Gros auzoarekin harremanetan egoteko modu asko bildu dira.
Bizilagunen inplikazio handia
Azken hilabeteotan izandako partaidetza-prozesu batean jasotako 120 mikro-kontakizun pasatxoren aukeraketa bat egin da, eta hori da argitara eman dena. Prozesu horretan, herritarrak gonbidatu ditugu auzoko bizitzari eta nortasunari lotutako oroitzapenak, eguneroko eszenak, esperientzia pertsonalak, leku esanguratsuak eta bestelako momentuak partekatzera.
Kontakizun bakoitza Grosi buruzko begirada berezia da, eta, denek batera, narrazio partekatu bat osatzen dute, elkarrizketa sortzeko, beren burua komunitate gisa ezagutzeko eta auzoko eguneroko bizitzari eusten dion guztia balioa aitortzeko aukera ematen duena.
Fanzinearen edizioa La Pera argitaletxeak egin du. Edizio-proiektu independente horrek laguntza handia eman du fanzinearen argitalpenaren sormen-prozesuan, argitalpen kolektiboen sorkuntzan eta edizioan −kultura-bitartekaritzako tresnatzat hartuta− dituen ezagutza eta esperientzia proiektura ekarrita.
Aurkezpena amaituta, fanzinea doan eskuratu ahal izango da auzoko hainbat tokitan, herritar guztiei ezagutzeko aukera emateko.:
- Okendo Kultur Etxean,
- Arrazola eta Cilveti farmazietan
- eta Groseko Osasun Zentroan,
Auzoaren erretratu kolektiboa
Fanzinea Gros auzoko aniztasuna eta aberastasun komunitarioa islatzen dituen istorioen mosaikoa da. Haren orrialdeetan biltzen dira:
- haurtzaroko oroitzapenak,
- auzoko leku enblematikoei buruzko kontakizunak,
- bizikidetza-esperientziak,
- zaintza-istorioak,
- migrazio-prozesuak,
- eguneroko pasadizoak eta hiri-ingurunearen eraldaketari buruzko hausnarketak .
Parte-hartzaileek askotariko profilak dituzte. Sei urteko haurretatik hasi eta laurogeita hamar urtetik gorako bizilagunetaraino. Begiradak, esperientziak, jatorriak eta auzoarekiko harremanak askotarikoak dira.
Kontakizunak eraikitzeko moduak ere askotarikoak izan dira: batzuk banaka idatzi dira, eta beste batzuk bizpahiru eskuk batera egin dituzte, elkarrizketetan, bizipen partekatuetan eta entzute eta lankidetza prozesuetan oinarrituta.
Egiletza-formen aniztasun hori proiektuaren esanahiaren beraren parte da. Auzo Orriren ustez, istorio bat pertsona baten istorioan has daiteke, eta beste batekin izandako elkarrizketan aurkitu bere forma. Hala, kultura, hizkuntza eta belaunaldien arteko aldeak −edo adierazteko moduan dauden desberdintasunak− elkartzeko eta sorkuntza partekatutako aukera bihurtzen dira.
Idazketak banakako ariketa izateari uzten dio, eta entzuteko, laguntzeko eta zaintzeko praktika ere bihurtzen da, auzoko bizitza kontatzeko eta partekatzeko modu desberdinak kontuan hartzeko gai dena.