Udalak "plaza" berri bat ireki du komunikaziorako eta herritarren partaidetzarako

Prentsa areto berrituan "Donostiarra 2040. Topera" Donostiaren etorkizunari heltzeko topaketak hartuko dira

2026/09/29 argitaratua

​​​​​Donostiako Udalak prentsa areto berritu bat aurkeztu du, herritarrekin komunikatzeko eta elkartzeko gune berri bat izateko asmoz sortua. Horrela, aretoak ez du hedabideen aurreko agerraldiei soilik lotutako erabilerarik izango, eta partaidetza "plaza" irekia izango da, ‘Donostiarra 2040. Topera’ ekimenaren barruan hiriaren etorkizuneko eztabaida nagusiei lotutako bilerak, topaketak eta lan-saioak hartzeko prestatua.

Jon Insausti alkateak "gehiago eta hobeto entzuteko" eta donostiarrekin komunikazioa eta kontu-ematea indartzeko konpromisoan kokatu du eraldaketa hori. "Areto hau Udalak egiten duena kontatzen dugun tokia baino askoz gehiago izatea nahi dugu. Datorren Donostia elkarrekin entzuteko, partekatzeko eta pentsatzeko plaza bihurtu nahi dugu. Hiriaren etorkizuna ezin da bulego batetik eraiki. Espazioak ireki behar ditugu, donostiarrei entzun eta elkarrizketa hori erabaki bihurtu, are gehiago populismoa eta estremismoak gailentzen diren garaiotan", adierazi du.

Gaur goizean estreinatu den espazio berriak pantailak, argiztapen berritua, mahai funtzionalak eta konfigurazio irekiagoa ditu, 50 pertsona ingururentzako edukierarekin. Herritarrei irekitako lehen erabileren artean, aurreikusita dago Udalak berriki abian jarri duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren partaidetza-bilerak hartzea.

Toperak herritarren partaidetzaren fase berri bat ireki du

"Plaza" berri honen irekiera bat dator ‘Donostiarra 2040. Topera’ egitasmoarekin, hiriaren etorkizunari buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzeko Udalak abian jarritako prozesua. 

Orain arte egindako lanari esker, zazpi diagnostiko egin ahal izan dira, mahai tematiko bakoitzeko bat. Horietatik abiatuta, prozesuak elkarte eta herritarren partaidetza zabalagoa izango du orain, 2040ko Donostiari buruzko hausnarketari iritzi eta proposamen berriak eransteko.

Ekarpen horiek bideratzeko, Udalak Topera bulegoa jarriko du martxan, donostiarren proposamenak jasotzeko eta mahaiek egindako lanari eta adituen ekarpenei gehitzeko. Bulego honek leku fisikoa izango du udaletxean eta baita postontzi birtuala egitasmoaren web orrian: donostia.eus/donostiarra2040.

Zazpi erronka 2040ko Donostiarentzat

Lehenengo diagnostikoek dagoeneko marrazten dituzte hiriak datozen urteetan izan beharko dituen erronka nagusietako batzuk.

  • Etxebizitza: eskaintza eskuragarria handitzeko, zahartutako bizitegi-parkea egokitzeko eta auzo kohesionatu eta irisgarrietara jotzeko beharra identifikatzen da, 2040rako 8.500 eta 10.000 etxebizitza berri arteko horizontearekin.
  • Hiri-eredua: hurbileko hiri baterantz aurrera egitea planteatzen da, loturak eta zerbitzuetarako sarbidea hobetuz eta zentralitate berriei erantzunez, hala nola Rekalde-Galarreta-Miramon-Ospitaleak-Anoeta ardatza.
  • Ekonomia: ezagutzan oinarritutako Donostiako ekonomiaren indarra nabarmentzen du, eta bere erronken artean kokatzen ditu talentua erakartzea, belaunaldien arteko erreleboa eta bere berrikuntza-ekosistema indartzea.
  • Zaintza-eredua: Biztanleriaren zahartzeak eta jaiotza-tasa txikiak, bestalde, zaintza-eredu iraunkorrago eta komunitarioago baterantz eboluzionatzeko beharra adierazten dute,
  • Segurtasuna: bizikidetzarekin eta gizarte-kohesioarekin estu lotutako ikuspegi integral eta prebentibo batean aurrera egitea proposatzen da.
  • Kultura- eta hizkuntza-nortasuna: hurbileko kultura gertakari handiekin orekatzeko beharra eta hiriaren nazioarteko posizionamendua ere jorratzen ditu.
  • Erakundeekiko konfiantzan eta demokrazia hurbilagoaren, parte-hartzailearen eta inklusiboaren beharrean jartzen du fokua.