Elkarteentzako herri partaidetza garatzeko dirulaguntzak esleitu dira
25 auzo elkartek eta 8 proiektuk jasoko dituzte laguntzak
2026/07/08 argitaratua
Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak 2026ko uztailaren 7an Herritarren Partaidetzako Zerbitzuaren dirulaguntzak ematea onartu du.
Bi lerro ditu Herri Partaidetza Zerbitzuko deialdiak:
- 2.1 eranskinaren baitan denon intereseko gaietan herritarren parte hartzea sustatzen duten proiektuetarako dirulaguntzak daude
- 2.2 eranskinean auzo elkarteei zuzendutako laguntzak daude
Herritarren partaidetza sustatzen duten proiektuak
Guztira 13 eskaera jaso dira, eta hauetatik bi proiektu Ingurumen sailera bideratu dira, arlo horrekin zerikusi handiagoa zutelako partaidetzarekin baino. Balorazio teknikoa egin ondoren, hiru proiektuk ez dute dirulaguntzarik jaso, deialdiaren xedearekin bat ez zetozelako, eta 8 elkarteen proiektuak lagundu dira diruz.
• Zehar Errefuxiatuekin
• Jatorkin Al Nahda
• SOS Arrazakeria
• San Bartolome Herri Platafoma
• Bidebieta Bideak Auzo Elkartea
• Aranzadi Zientzia elkartea
• Elkartu (Desgaitasun Fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako Federazio Koordinatzailea)
• AGISAS Gipuzkoako gizarte integratzaile eta animatzaile sozio kulturen elkartea.
Hauetako 3 elkartek jaso izan dituzte aurreko urteetan partaidetza proiektua sustatzeko dirulaguntzak, eta aldiz 5 elkartek lehen aldiz jasoko dituzte laguntza hauek.
Lurraldetasunari dagokionez, 5 proiektu hiri mailakoak dira, eta aldiz beste 3 auzo mailakoak: SOS Arrazakeriak Egian garatuko du bere proiektua, eta beste bik Erdialdea (San Bartolome) zein Bidebieta izango dute abiapuntu, nahiz eta hiriko ikuspegia ere izan.
Helburu, prozesu eta metodologiei dagokionez, diruz lagunduko diren jardueretan partaidetzak garrantzia berezia izango du, baina elkarteek aurkeztutako proiektuak tematika ezberdinei lotuta daude.
3 egitasmo pertsona migratuekin garatuko dira (Jatorkin, Zehar, SOS Arrazakeria) , beste bik hirigintza eta herritarren partaidetza izango dute ardatz (San Bartolome eta Bidebieta Bideak) eta beste hirurak arlo anitzak jorratuko dituzte: esku-hartze sozioedukatiboa (Agisas), biodibertsitatea eta mugikortasun aktiboa (Aranzadi) eta aisialdi irisgarri eta inklusiboa (Elkartu).
Auzo elkarteentzako diru laguntzak
Auzo-elkarteak mantentzeko gastuei lotutako deialdian, 43.418,45 €-ko partidaren aurrekontu guztia banatu da eta eskabideak aurkeztu dituzten elkarte guztiek jasoko dituzte laguntzak, 25 guztira.
Dirulaguntzak auzo elkarteen ohiko ekintzak egiteko erabili behar dira eta baita elkarteen mantentze gastu eta material erosketarako.
Lurralde hauetako auzo-elkarteei eman zaie dirulaguntza: Ulia, Herrera, Txomin-enea, Martutene, Altza (Altzagaina, Larratxo, Herrera, Oleta), Intxaurrondo (2 elkarte), Bera Bera, Gros, Ibaeta, Amara Berri, Aiete, Egia, Loiola, Loiolako Erriberak, Bidebieta, Alde Zaharra, Morlans, Berio eta Añorga (2 elkarte).
Bi dirulaguntza ildoetan, elkarte bakoitzari emandako zenbatekoaren % 70 ebazpena argitaratu eta berehala ordainduko da, eta dirulaguntzaren gainerako % 30a erakunde bakoitzak bere jarduera-memoria aurkezten duenean.