Udalak 11 eraikini energia emateko eguzki-planta berri bat bultzatu du Martutenen
Arantzazuko Ama ikastetxeko instalazioak 90.000 kWh baino gehiago ekoitziko ditu urtean
2026/09/16 argitaratua
Donostiako Udalak aurrera egiten jarraitzen du energia berriztagarriaren sorkuntzan eta autokontsumo partekatuan, Martuteneko Arantzazuko Ama ikastetxe publikoan instalazio fotovoltaiko berri bat jartzeko adjudikazioa egin baitu. Instalazioak hamaika udal-eraikin energia berriztagarriz hornitzea ahalbidetuko du, eta 89.691,74 euroko zenbatekoan adjudikatu da.
- Instalazio berriak 100 kW-ko potentzia izendatua izango du
- 500 Wp-ko 200 eguzki-panelek osatuko dute
- Panel horiek ikastetxeko kirol-kantxen estalkiaren gainean jarriko dira
- Aurreikuspenen arabera, ekoizpena 90.090 kWh-koa izango da urtean
Hamaika eraikin onuradun horien artean ikastetxeak, kultura-ekipamenduak eta adinekoen elkarteak daude. Ernest Lluch Kultur Etxea izango da sortutako energiaren hartzaile nagusietako bat, energiaren % 38 bertara bideratuko baita.
Iñigo García Ingurumen eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez, "eredu energetiko jasangarriago batean aurrera egiten jarraitzen dugu, gure ekipamenduetako espazioak eta estalkiak baliatuz energia garbia sortzeko, gero energia hori beste udal-eraikin batzuetan erabiltzeko".