ENTZUN, Donostia Sustapenaren, Udaltzaingoaren eta Trebe startup donostiarraren proiektu berria

Udaltzaingoaren informazioa eraginkortasun handiagoz kudeatzeko aukera ematen du

2026/05/21 argitaratua


​​​​​Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, berrikuntza bultzatzeko bideari jarraitzen dio lankidetza publiko-pribatuaren eskutik; hori dela eta, lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute Udaltzaingoak, Trebe Language Technologies startup donostiarrak eta Donostia Sustapenak berak, ENTZUN proiektu pilotua garatzeko.

Ekimen hau Donostia Sustapenak bultzatutako “Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketa”ren barruan kokatzen da, eta urrats berri bat da hiriak berrikuntza publikoaren alde egiten duen apustuan.

ENTZUN proiektuak tresna teknologiko bat baliozkotzea planteatzen du; tresna honek transkripzio elebidunak (euskaraz eta gaztelaniaz) ahotsetik testura modu seguruan eta gailu mugikorrean bertan egiteko aukera ematen du, hori bereziki garrantzitsua baita pribatutasuna, segurtasuna eta fidagarritasuna funtsezkoak diren testuinguruetan.

Proiektua garatzeak eta baldintza errealetan testatzeak aukera emango du Udal Departamentu honen premia espezifikoetara hura egokitzeko eta horren eraginkortasuna ebaluatzeko.

Berrikuntza donostiarren zerbitzura

Akordioaren aurkezpenean, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak honako hau azpimarratu du: “proiektu honek argi erakusten du administrazio publikoaren eta tokiko ekosistema teknologikoaren arteko lankidetzak aukera ematen duela ezagutza eta berrikuntza zerbitzu publikoak hobetzen dituzten eta hiriaren benetako beharrei erantzuten dieten irtenbide zehatzak lor daitezkeela. Kasu honetan, herritarren segurtasuna bezalako eremu sentikor eta garrantzitsu batean, Udaltzaingoari bere lana eraginkortasun, segurtasun eta berme handiagoz garatzeko tresna bat emanez. Aukera asko daude aztertzeko Horregatik, Donostiako startupak ere animatzen ditugu, Donostia Sustapenaren bidez, beren soluzioak parteka ditzaten, Udalari bere zerbitzuak hobetzeko aukera emateko, donostiarren bizi-kalitate hobea lortze aldera”.

Bestalde, Martin Ibabe Segurtasun eta babes zibileko zinegotziak adierazi duenez, “beti da onuragarria herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko baliabideak izatea, eta kasu honetan egunero erabiltzeko tresna praktiko bat dugu, gure agenteen aukerak areagotuko dituena. Gainera, modu seguruan egingo du, barruan kontrolatu ahal izango dugun informazio bat gehiegi azaldu gabe. Bi hizkuntza ofizialetan testuak arin izapidetzeko, lanaren praktikotasunean eta eraginkortasunean aurrera egin behar da. Azken batean, berrikuntza teknologikoa donostiarren zerbitzura jartzea da”.

Informazio gehiago >