Donostiako eskola-mugikortasunaren estrategia argitalpen zientifiko batean aitortu da
CyTET aldizkari espezializatuak Udalak eta EHUk Eskola Bidea programaren barruan egindako lanean oinarritutako ikerketa argitaratu du
2026/07/01 argitaratua
Donostiako Udaleko Mugikortasun departamentuak eskola-mugikortasun seguruagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa sustatzeko egin duen lanak beste errekonozimendu bat jaso du esparru zientifikoan
CyTET (Ciudad y Territorio. Estudios Territoriales), hirigintzan, lurralde-plangintzan eta mugikortasunean espezializatua, bere egungo zenbakian argitaratu du (Vol. 58 zk. 228 - 2026: Hiria, hirigintza eta osasuna) artikulu zientifikoa, Eskola Bidea programaren barruan Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile-taldeak Udalarekin elkarlanean egindako eskola-mugikortasunari buruzko azterlanean oinarritua.
Azterketa akademiko batetik harago, ikerketa-lan hura helburu zehatz batekin sortu zen: Donostiako haurrak beren ikastetxeetara nola joaten ziren jakitea, oinez joateko eta eskola-inguruneen segurtasuna indartzeko politika publiko eraginkorragoak diseinatzeko.
Azterketaren emaitzek gaur egun erabat indarrean jarraitzen duen errealitate bat berrestea ahalbidetu zuten: ikasle gehiago eskolara oinez joateko oztopo nagusia ez da distantzia, baizik eta familien segurtasun-pertzepzioa. Ondorio hori baliagarria izan da urte hauetan gero eta haur gehiago modu autonomo eta seguruan mugitu ahal izatea bilatzen duten udal jarduerak bideratzeko:
- trafikoa lasaitzea,
- oinezkoen ibilbideak hobetzea,
- eta Eskola Bidea bezalako programak finkatzea.
Errekonozimendu zientifikoa
Argitalpen zientifikoak lan haren balioa aitortzen du orain, eta haurren mugikortasunari buruz dagoen ebidentzia zientifikoan txertatzen du. Artikuluak azpimarratzen du haurtzarotik desplazamendu aktiboak sustatzeak adingabeen osasuna eta autonomia hobetzeaz gain, hiri jasangarriagoak, trafiko gutxiago, emisio gutxiago eta kalitate handiagoko espazio publikoa eraikitzen ere laguntzen duela.
Udalaren eta EHUren arteko lankidetza ikerketa eta kudeaketa publikoak eskutik helduta aurrera nola egin dezakeen erakusten duen adibidea da. Donostian garatutako esperientziatik sortutako ezagutzak toki-eremua gainditu du eta literatura zientifiko espezializatuaren parte izatera igaro da, hiri-mugikortasuneko politiketan lan egiten duten ikertzaile eta administrazioentzat erreferentzia bihurtuz.