Uztailean haur eta gazteentzako euskarazko bost egitasmo izango dira

5 eta 18 urte bitarteko 1.000 haur eta gaztek hartuko dute parte

2026/06/26 argitaratua

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bost programa jarriko ditu abian uztailean haurren eta gazteen artean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Bost egitasmo horietatik lau haur eta gazte etorri berrien hizkuntza gaitasuna hobetzen laguntzeko antolatuko dira.

Gero eta haur eta gazte migrante gehiago iristen ari dira Donostiako ikastetxeetara eta kopuru hori urtetik urtera handituz doa. Egoera horri aurre egiteko, hiriko ikastetxe askok martxan dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak LH 4-6 eta DBH 1-2 mailetan eskaintzen duen Eusle izeneko hizkuntza murgiltze-programa, baina Euskara Zerbitzuaren ustez haur eta gazte horien hizkuntza gaitasuna hobetzeko ezinbestekoak dira eskolaz kanpoko programak garatzea.

14-15 urtekoentzat doako euskara ikastaroak estrainekoz 

Udaleko Euskara Zerbitzuak doako euskara ikastaroak antolatuko ditu oinarrizko mailara (B2 mailara arte) iristen ez diren 14-15 urteko gazteentzat. HABEk 16 urte azpikoentzako ikastarorik eskaintzen ez duenez, Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaroak ikastetxeekin eta euskaltegiekin elkarlanean antolatu eta horien kostua bere gain hartzea erabaki du. Aurtengo urtarrilean 45 orduko ikastaroa antolatu zuen modu pilotuan (72 ikaslek parte hartu zuten) eta emaitza oso onak eman zituenez, ekainaren 29tik uztailaren 17ra, beste 123 ikasle euskara ikasten arituko dira bi orduz egunero. 

16-18 urteko gazteentzat ere B2 maila arteko ikastaroak doan

Euskara ikastaroen eskaintzarekin jarraituz, B2 maila arteko ikastaroak antolatu dira 16-18 urteko gazteentzat doan.  81 ikaslek eman dute izena egunero lau orduz euskara ikasten aritzeko, ekainaren 29tik uztailaren 17ra.

Aisialdi jarduerak euskara maila urria duten 220 haur eta gazteentzat

Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi izeneko jardueretan euskara erabiltzeko gaitasun urria duten haurrek hartuko dute parte. Haur horiek oraindik ez dute euskara menderatzen, gehienak jatorri ezberdineko etorri berriak baitira. 

  • Haurrak Udan Mintza Jolasean jardueran, 8-11 urteko (LH 3-4-5) 125 haurrek hartuko dute parte. Hiriko lau haurtxokotan (Altzan, Amaran, Egian eta Grosen) egingo da. Hiru aste iraungo du egitasmoak, uztailaren 6tik 24ra.
  • Aisikasi egitasmoa, berriz, 12-13 urte arteko gazteei (LH6 eta DBH 1) zuzenduta dago. 95 gaztek hartuko dute parte. Hiriko bost gaztelekutan (Altzan, Amaran, Egian, Grosen eta Intxaurrondon) antolatuko da, uztailaren 6tik 24ra.

Bereziki ahozkotasuna landuko dute bi programa trinko horietan, era ludikoan, giro lasaian eta atseginean. Ikastetxeetan euskara ikasten hasi dira amaitu berri den ikasturtean eta ikasketa prozesu horretan laguntzeko asmoz jarri ditu bi egitasmo horiek martxan Udalak. Ikastetxeek behar-beharrezkotzat jo dituzte egitasmoak eta, horrenbestez, horiek martxan jartzeko ikastetxeen laguntza eta parte hartze handia izan du Euskara Zerbitzuak. 

Oporretan Euskaraz ohiko udaleku irekiak, uztailaren 6tik 30era

Oporretan Euskaraz udalekuetan, 5-11 urte bitarteko 570 ikasle elkartuko dira aurten. Udaleku ireki hauek uztailaren 6tik 30era izango dira, goizez (09:00etatik 13:30era), astelehenik ostiralera, hiriko zortzi gunetan. Taldeak jaiotze-urtearen, euskara mailaren eta jasotze-puntuaren arabera eratu dituzte. 08:30etik 09:00etara zaintza zerbitzua ere eskainiko zaie, hala eskatu duten familiei.

Udaleku hauetan era askotako ekintzak egingo dituzte:

  • Parkeetan eta zelaietan jolasean ariko dira
  • Hondartzara joango dira
  • Hizkuntz jolasak egingo dituzte
  • Lantegiak
  • Eskulanak
  • Ingurumena landuko dute eta abar.

Horrela, jolas giroan, hizkuntza erabili eta hobetu egingo dute haurrek, hiztegia eta hizkera aberastu, eta aisialdian euskaraz egiteko ohitura izango dute.