Donostiak Platinozko Erratza saria jaso du hamabigarren aldiz

Hiriak hiri-zerbitzuetan Estatuko erreferente gisa duen posizioa sendotu du

2026/06/11 argitaratua


Donostiak Platinozko Erratza 2026 saria jaso du, Asociación Técnica para la Gestión de Residuos y Medio Ambiente - ATEGRUS elkarteak ematen dituen Zilarrezko, Urrezko eta Platinozko Erratzak sarien deialdian, eta platinozkoa da, hain zuzen, ematen den aintzatespen gorena.

Administrazio publikoek eta erakundeek hiri-garbiketaren, gaikako bilketaren eta hondakinen kudeaketaren arloan garatutako jardunbide, ekimen eta berrikuntza onenak aintzatesten ditu sari horrek.

Sari honekin, Donostiak hamabigarren aldiz jaso du Platinozko Erratza: Estatuko hiri sarituenetako bat da lehiaketa hau egiten hasi zenetik. Bi urtez behin egiten da lehiaketa hori eta aurtengo sari-banaketa Madrilen egin da, Hirigintzaren eta Ingurumenaren Nazioarteko Azokaren (Feria Internacional del Urbanismo y del Medio Ambiente - TECMA) esparruan. Bere garaian Zilarrezko eta Urrezko erratzen zikloa osatu ondoren, hiriak hamabigarren aldiz jarraian lortu du Platinozko Erratza, lehiaketako kategoria gorenaren saria, alegia.

Udalak aurkeztutako hautagaitzak azken urteetan bide-garbiketako zerbitzuetan eta hondakinen bilketan egindako hobekuntza garrantzitsuen balioa azpimarratu du. Hobekuntza horien artean aipagarria da, besteak beste, bideak garbitzeko kontratu berria abian jartzea: 214 langile ditu, baliabide materialak asko indartu dira, 157 ekipoko flota du, eta flota horren % 60 elektrikoa da.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo García Villanuevak adierazi duenez, “hamabigarren Platinozko Erratz honek aitortzen du hiriak etengabe egiten duen lana garbitasun, jasangarritasun eta hiri-kalitateko estandar altuei eusteko. Udal-zerbitzuetako eta enpresa emakidadunetako zein herritarrentzako saria da, azken horiek, jokabide zibikoarekin, egunero laguntzen baitute espazio publikoak zaintzen”.