Loiolako Erriberako, Intxaurrondoko eta Groseko haurreskola berrien obrak amaitu dira
Hiru haurreskola horiek 2026-2027 ikasturtean irekiko dira, eta 89 plaza izango dituzte guztira
2026/05/27 argitaratua
Donostiako Udalak lehen zikloko hiru haurreskola berrien obrak amaitu ditu, eta 2026-2027 ikasturtean irekiko dira. Haurreskola berri horiek Loiolako Erriberan, Intxaurrondon eta Grosen egongo dira kokatuta, eta guztira 89 plaza berri eskainiko dituzte zero eta bi urte bitarteko haurrentzat. Horren bidez, eskari historiko bati erantzuten zaio, hain zuzen ere orain arte eskaintza nahikorik ez zuten hiriko eremuetan.
"Haurreskoletako plaza berri bakoitza aurrerapauso zehatz bat da, emakumeek lan-bizitzaren eta seme-alabak zaintzearen artean hautatu behar ez izateko. Orain arte haurreskolarik ez zuten auzoetan eskaintza publikoa zabaltzea berdintasun-politika bat ere bada" adierazi du Berdintasuneko zinegotzi Ane Oyarbidek.
Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker egin dira obrak. Dirulaguntza hori Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago, eta 1.828.313,70 euroko aurrekontua izan du guztira.
Haurreskolak
Hiru zentroak Haurreskolak Partzuergoaren sarean txertatuko dira. 2023-2024 ikasturteaz geroztik, sare horretako zentroak doakoak dira familientzat.
- Loiolako Erriberako haurreskolak (Gabriel Laffitte plaza 3) 34 plaza eskainiko ditu
- Intxaurrondokoak (Baratzategi kalea 19) 21 plaza
- Grosekoak (Zemoria kalea 20) 34 plaza
Datozen asteetan matrikulazio-prozesua abian jarriko da, herritarren arretarako UdalInfo udal-zerbitzuaren bidez. Plaza-esleipenaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuaren ardura izango da. Zerbitzu horrek haurreskola publikoetarako sarbidea koordinatzen du, eta leihatila bakarra da haur-hezkuntzako lehen zikloan plaza eskatzen duten familientzat.