Astelehenean hasiko da hondartza-sasoi berria
Zerbitzu guztiak ekainaren 1ean jarriko dira martxan, olanak, karpak, itzalkinak eta aulkiak izan ezik
2026/05/29 argitaratua
Donostiako Udalak hondartza-denboraldi berri bat jarriko du abian datorren ekainaren 1ean. Irailaren 30a arte iraungo du, eta berrikuntza garrantzitsuak izango ditu, hiriko hondartzetan bizikidetza, jasangarritasuna eta gozamenaren kalitatea hobetzeko.
2026ko denboraldian, hondartzei buruzko ordenantza berria indarrean jarriko da eta, horrekin batera, ITSASOS kanpaina indartuko da. "Uda honetan, arnastu eta entzun itsasoa" leloa erabiliko du. Ekimena Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Ingurumeneko arloek bultzatu dute, hondartzak garbiagoak eta osasungarriagoak izan daitezen, eta, haietan, ingurunea eta erabiltzaileen atsedena errespetatu daitezen.
Iñigo García Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Ingurumeneko zinegotziak adierazi duenez, "Donostiak uda honetan pausu garrantzitsua emango du hondartza-eredua jasangarriagoa, osasungarriagoa eta pertsona guztientzat atseginagoa lortzeko bidean. Protagonismoa itsasoak, paisaiak eta elkarrekiko errespetuak izatea nahi dugu"
Kerik eta zaratarik gabeko hondartzak
Ordenantza berriak debekatzen du hondartzetan erretzea eta entzungailurik gabeko soinu-aparatuak erabiltzea, erantzuna emanez, horrela, bai zigarrokinen kutsadurarekiko sentsibilitate sozial gero eta handiagoari, bai hondartzetako zaratari buruzko kexa ugariei. Ordenantzaren aldaketa bat da. Arau berria jendaurrean atera zenean eta alegazioak aurkezteko epean, herritarren babes handia lortu zuen.
Udalak gogorarazten du arau horiek ez betetzeagatik 100 eta 750 euro arteko isunak jarri ahal izango direla, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Hiriko garbiketa eta mantentzea indartzea
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako arloak lan baliabide eta dispositibo guztiak indartu ditu. Hala, garbiketako eta mantentze-lanetako udal dispositiboak egunero funtzionatuko du hiru hondartzetan eta Santa Klara uhartean.
Hondarraren baheketa gauez egingo da, eta, gehienez ere, 10:00ak arte, erabiltzaileei eragozpenik ez sortzeko. Ordu horretatik aurrera, eskuzko garbiketa-lanak egingo dira, paperontziak hustuko, sarbideak eta Kontxako hegala eskobatuko, eta abar. Gainera, badian diren hondakin flotagarriak jasoko dira, bai goizez, bai arratsaldez.
Salbamendua, sorospena eta bainu lagundua
Salbamendu eta sorospen zerbitzua ekainaren 1etik aurrera emango da Kontxan, Ondarretan eta Zurriolan, eta ekainaren 15etik aurrera Santa Klara uhartean. Aurten, lehenengo aldiz, uharteko zerbitzuak irailaren 30a arte iraungo du, gainerako hondartzetan bezala.
Ordutegia
- 10:30etik 19:30era izango da behe-denboraldian: ekainaren 1etik 14ra eta irailaren 16tik 30era.
- 10:00etatik 20:00etara, goi-denboraldian: ekainaren 15etik irailaren 15era.
Bestalde, Kontxako bainu lagundua goi-denboraldian erabili ahal izango da, 11:00etatik 19:30era.
Aldagelak, itzalkinak eta zerbitzuak
Aldagelak 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekita ekainean eta irailean, eta 20:30era arte, uztailean eta abuztuan.
Itzalkin-zerbitzuari dagokionez, Donostiako hondartzetan eskaintzen diren gune ia guztiak esleituta daude jada.
Kontxako 290 toldoak, desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako 8ak barne, osorik esleitu dira jada. Ondarretan ere, ia eskaintza osoa osatu da (424 toldoak esleituta daude, desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako 12ak barne, bai eta 157 eguzkitakoak ere). Karpen kasuan, eskainitako 82 karpetatik 81 esleitu dira jada, hau da, % 99 inguru. Bestalde, Zurriolan, dauden 240 toldoetatik (horietatik 8 egokituak), 161 esleitu dira; beraz, erabiltzaileek oraindik dute batzuk eskuratzeko aukera.
Gainera, Kontxako aulkien eta Zurriolako hamaken eguneroko alokairu-zerbitzuari eutsiko zaio.
Zerbitzu osagarrien artean:
- Zurriola hondartzak hondartza-boleiko kantxak izango ditu aurten ere
- Kontxak, 1 eta 2 tabernak hegalkinetan
- Ondarretak, kioskoak eta piraguak alokatzeko zerbitzua.
- Santa Klara uharteak ostalaritza-zerbitzua eta komun publikoak izango ditu, ekainaren 15etik irailaren 30era.
- Sei gabarroi izango dira, Ondarretan eta Kontxan banatuak.