KALEAN Urban Fest 04: kirola, kultura eta musika Donostian
Jaialdiaren 4. edizioa ekainaren 26tik 28ra izango da, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren kontzertuekin
2026/06/19 argitaratua
Gipuzkoako hiriburua KALEAN Urban Fest jaialdiaren laugarren edizioa hartzeko prestatzen ari da, ekainaren 26tik 28ra. Gipuzkoa Basket Fundazioak bultzatu du ekitaldia, Donostia Kirolarekin, Tabakalerarekin eta hainbat erakunderekin lankidetza estuan, eta espazio ireki, inklusibo eta jasangarri gisa finkatuta itzuli da, hiriaren bihotzean.
Laugarren edizio honetan, jaialdiak kirola eta hiri kultura herritarrengana hurbiltzeko apustua berresten du, Tabakalera eta Blas de Otero plaza adin guztientzako topagune bihurtuz. Hala nabarmendu zuen aurkezpenean Josean Ibirikuk, Gipuzkoa Basket Fundazioaren izenean: "Kalean Urban Fest kirola kalera ateratzeko eta herritarrentzako topaguneak sortzeko asmoz sortu zen. Lau edizio geroago hazten jarraitzen dugu, baina esentzia berari eutsiz: jaialdi irekia, inklusiboa eta edonork parte hartzeko eta gozatzeko pentsatua". Bestalde, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kirol zinegotziak ekitaldiaren balioa azpimarratu zuen, "Kalean Urban Fest adibide bat da kirolak espazio publikoak modu positiboan okupa ditzakeela, ohitura osasungarriak sustatuz eta komunitatea sortuz".
Tokiko musika protagonista
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren parte-hartzea da kulturaren eta bizikidetzaren batasun hori hobekien islatzen duen lankidetzarik nabarmenetako bat. Erakundeak soinu banda ofiziala jarriko dio jaialdiari, Blas de Otero Plazan zuzeneko bi kontzerturekin, eta lehen bi egunak erritmo biziz eta energiaz ixteaz arduratuko da.
Musika programazioa ekainaren 26an hasiko da, ostirala, 20:00etan, Korrugators comboaren emanaldiarekin. Ekainaren 27an, 20:00etan, txanda Old Babies formazioak hartuko du. Bi taldeek publiko guztiarentzat diseinatutako errepertorio anitza eskainiko dute.
Ekimen honen bidez, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak beste behin ere bere inguruko erakunde erreferente batekin kolaboratzen du, bere lotura instituzionalak aktiboki zabalduz eta hiriko bizitza kulturalean duen inplikazio zuzena indartuz.
Egitarau anitza publiko guztientzat
Musikaren apustuaz gain, KALEAN Urban Festek kirol eta gizarte agertoki dinamikoa eskainiko du hiru egunetan, ingurunea errespetatzeko eta hiri espazioa arduraz erabiltzeko irizpideekin diseinatutako jarduerekin.
Bertaratzen den publikoak programatutako jarduera hauetaz gozatu eta parte hartu ahal izango du:
- 3x3 saskibaloia: Jaialdiko zutabe nagusia indartsu itzuliko da Blas de Otero plazara ostiralean (16:00etatik 21:00etara), larunbatean eta igandean (11:00etatik 21:00etara).
- Hiri eskalada: Factory Boulderren eskutik, eskalada egitura bat instalatuko da Tabakaleraren kanpoaldean, ostiraletan 16:00etatik 21:00etara, larunbatean 11:00etatik 21:00etara eta igandean 12:00etatik 21:00etara.
- Skate, mahai tenisa eta pickleball: Leku Skate Elkarteak eta Gipuzkoako Mahai Tenis Federazioak jarduerak koordinatuko dituzte Blas de Otero Plazan, eta Gipuzkoako Pickleball Elkarteak, berriz, modalitate hori eramango du Tabakalerako Patio Aretora. Diziplina hauetarako ordutegiak ostiralean 16:00etatik 20:00etara eta asteburuan 11:00etatik 20:00etara izango dira.
- Yin yoga: Goizak ongizatearekin hasteko, RCTSSk saioak antolatuko ditu Blas de Otero Plazan larunbat eta igandean, 10:00etatik 12:00etara.
Ekainaren 26tik 28ra, Donostia hiriko kulturaren, kirolaren eta zuzeneko musikaren epizentroa izango da, eta herritar guztiak hiriaz modu arduratsuan gozatzera gonbidatzen dira.