Komisaria misto berria Egiako Nestor Basterretxea plazan kokatuko da
Tokiko Gobernu Batzarrak onarpena eman dio lehen izapideari
2026/06/12 argitaratua
Tokiko Gobernu Batzarrak onarpena eman dio Egia auzoko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren komisaria misto berria hartuko duen Atotxako partzelaren Xehetasun Azterlanari.
Lehen izapide horrekin, Nestor Basterretxea plazan, Tabakalerako sarreraren parean eta Egiako pasabidearen ondoan, bulego berriak eraikitzeko izapideak hasi dira.
Azken urteotan ingurunean egindako obrek espazio zabalagoa eta funtzionalagoa ekarri dute, eta Donostiako Udalak komisaria berrira bideratu nahi du, hegalaren azpiko espazioa itxiz eta plazara begira fatxada berri bat jarriz. Xehetasun-azterlanaren xede den espazio honek 553 m2-ko azalera du.
Enklabe berri horrek Euskal Autonomia Erkidegoan aitzindaria izango den proiektu bat ekarriko du: polizia-kidegoen arteko lankidetza, hiriko segurtasun-zerbitzua hobetzeko.
Kota jaistea Jaialain
Gobernu Batzarrak, era berean, Jaialai, Egiako galtzada eta Zubiaurre kaleak ADIFen azpiko pasabidearen inguruan kota jaisteko proiektuko obrak kontratatzeko espedientea onartu du, 468.664 €-ko aurrekontuarekin eta 6 hilabeteko egikaritze-epearekin.
Autobus-flotaren elektrifikazio progresiboak, garraio publikoa bitarteko jasangarri eta eraginkorrago bihurtzea helburu duenak, hiriko azpiko pasabideetako galiboak berrikusteko beharra eragin du, autobus elektrikoek errekuntzakoek baino altuera handiagoa baitute.