Lagundutako bainu-zerbitzua martxan dago Kontxan irisgarritasun-baldintzak hobetuta
Gaur martxan jarriko da, Kontxako hondartzan, bainu lagundua hartzeko zerbitzua irailaren 15era arte
2026/06/15 argitaratua
Gaur, ekainak 15, martxan jarriko da, Kontxako hondartzan, bainu lagundua hartzeko zerbitzua, eta irailaren 15era arte funtzionatuko du, 11:00etatik 19:30era.
Lagundutako bainua
Zerbitzuak izango du:
- hiru monitore espezializatu eta material egokitua
- lur orotako aulkiak eta makulu anfibioak, irisgarritasun unibertsala eta mugikortasun urriko pertsonek behar duten laguntza bermatzeko
Erabiltzaileen inklusioa eta autonomia indartzeko hobekuntzak gehitu dira aurten. Horien artean:
- aldagela kolektiboen irisgarritasuna hobetzea dutxatzeko eserlekuak eta laguntzako barrak jarriz
- egokitutako armairuak erreserbatzeko aukera
- instalazioetako hainbat elementu egokituz, erosotasun eta segurtasun handiagoaz erabili ahal izateko
Aldaketa horiek lehenengo hobekuntza-faseari dagozkio, eta asmoa da egokitzapen berri hauek pixkanaka hiriko gainerako aldageletara zabaltzea, hautemandako beharren arabera.
Kontxako aldagela kolektiboetan dagoen dutxa egokitua doan erabiltzea da zerbitzuak eskaintzen dituen berrikuntzetako bat. Sartzeko, bainu lagunduaren tiketa aurkeztu beharko da. Tiket horrekin, gainera, aldagela kolektiboak erabili ahal izango dira.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garcíak nabarmendu duenez, "bainu lagundua martxan jartzeak indartu egiten du hondartza irisgarriagoak eta inklusiboagoak izateko hartu dugun konpromisoa; gainera, hobekuntzak egin ditugu, bai azpiegituretan bai giza baliabideetan eta baliabide teknikoetan".