Udalak mugikortasun bertikaleko elementuen ordutegia zabalduko du uda honetan

Arrapalak, igogailak eta hiriko gainerako eskailera mekanikoak gauerdira arte egongo dira martxan

 

2026/06/11 argitaratua


Donostiako Udalak arrapalen, igogailuen eta hiriko gainerako elementu mekanikoen funtzionamendu-ordutegia handituko du udan, mugikortasuna erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izan dadin espazio publikoan jarduera eta jende gehien izaten den hilabeteetan.

Neurri hori herritarrek egindako eskaera baten ondorio da, eta aukera emango du zerbitzu horien funtzionamendua hiriaren udako bizi-erritmora egokitzeko.

Horrela, ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, igogailuek, arrapalek eta hiriko elementu mekanikoek ohiko ordutegia beste ordubete luzatuko dute, eta 00:00ak arte egongo dira martxan.

Gainera, Aste Nagusian, Udalak errefortzu berezia jarriko du, eta zerbitzu horiek guztiak goizaldeko 01:00ak arte egongo dira erabilgarri, jaietan joan-etorriak errazteko eta jende gehien ibiltzen den egunetan auzoen arteko lotura hobetzeko.

Hiriko elementu nagusiak

Gaur egun, Donostiak hiri-elementu mekanikoen sare zabala du, hiriko hainbat auzotan banatuta. Guztira 28 igogailu-instalazio, igogailu inklinatuko 2 instalazio, eskailera eta arrapala mekanikoen 4 instalazio (guztira, 8 eskailera mekaniko eta 7 arrapala mekaniko).

  • Aiete: Hiru Damatxoko, Matiako, Pinu Bideko eta Pio Barojako igogailuak eta Morlanseko igogailu inklinatua.
  • Altza: Txirrita Bertsolariaren kaleko, Buenavistako, Harrobietako, Larratxoko, Rutilitako eta San Luis Gonzagako igogailuak, AltzaLarrtaxoko igogailu inklinatua eta Harrobietako eta Larratxoko eskailera mekanikoak
  • Antigua: Zarautz eta Aizkorri kaleetako eta Bentaberriko igogailuak
  • Egia: Alaialde, Aldunaene, Luis Martin Santos eta Mundaizko igogailuak
  • Erdialdea: Aquarium, Easo eta Lizarrako igogailuak eta San Rokeko arrapala eta eskailera mekanikoak
  • Gros: Sagueseko igogailua
  • Intxaurrondo: Lizardiko arrapala eta eskailera mekanikoak
  • Loiola: Ariztigañako igogailua
  • Mirakruz-Bidebieta: Azkuene-Gomistegiko igogailua
     

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garcíak adierazi duenez, "udan aldatu egiten da hiria, eta zerbitzu publikoek ere errealitate horretara egokitu behar dute. Jende askok denbora gehiago ematen du kaleez, terrazez, hondartzaz edo kultura- eta jai-programazioaz gozatzen, eta uste dugu garrantzitsua dela etxera seguru, eroso eta ahalik eta modurik irisgarrienean itzultzea".