Udalak prest du Aste Nagusiko dispositiboa, eraso sexistak prebenitu eta artatzeko

Abuztuaren 8tik 15era bitartean egongo da irekita Bulebarreko informazio eta arreta gunea

2026/08/04 argitaratua

 


Aurten ere jarriko du martxan Donostiako Udalak, Berdintasun Zinegotzigoaren bitartez, Aste Nagusian eraso sexistei aurre egiteko prebentzio eta arreta sistema espezifikoa. Ekimen hau ere "Festetan ere aske! Indarkeria sexistarik ez!" kanpainaren parte da. Udalak urte osoan egin duen kanpaina da, indarkeria matxistak prebenitzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta diren arreta baliabideak pertsona guztien eskura jartzeko.

Dispositibo honen baliabide nagusia informazio eta arreta puntu finkoa izango da.

  • Non: Bulebarreko kioskoan
  • Data: abuztuaren 8tik 15era bitartean
  • Ordutegia: 11:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 04:00etara

Puntu horretan, eraso sexisten eta sexu erasoen prebentzioari buruzko informazioa emango da, bai eta arreta eta laguntza espezializatuko baliabideak ere –hala behar duten pertsonentzat–, eta dibulgazio materiala ere banatuko dute, hainbat hizkuntzatan.

Berdintasuneko zinegotzi Ane Oyarbidek zera nabarmendu du: "Elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat. Prebentzio eta arreta baliabideak handitzen jarraitzen du Udalak; jende guztiak festak seguru eta beldurrik gabe gozatzea nahi dugu-eta". Era berean, "Indarkeria sexistaren prebentzioa erantzukizun kolektiboa da", azpimarkatu du Oyarbidek. "Funtsezkoa da baliabide espezializatuak izatea, baina baita herritar guztien sentsibilizazioa eta inplikazioa bultzatzen jarraitzea ere, baldin eta indarkeriarik gabeko festa batzuk eraikiko baditugu, behintzat".

Informazio gehiago: ezezetzda.eus