Txistulari Taldeak Sarriegi omenduko du eta Arabako doinuak ekarriko ditu
Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak bi hitzordu nagusi izango ditu aste honetan
2026/04/22 argitaratua
1913ko apirilaren 23an hil zen Raimundo Sarriegi konpositorea. Hori dela eta, ostegunean, Udalaren txistulariak berari eskainitako plazako monumentuaren aurrean kokatu eta haren obra hainbat joz, oroimenezko ekitaldia eskainiko dute. Apirilaren 23a Liburuaren nazioarteko eguna ere bada. Hori medio, eguna hasteko, diana joko du txistulari taldeak Gipuzkoa Plazaren inguruan. Ondoren, 10:30ean, omenaldia gauzatuko da. Bretxako merkatariek lore sorta eskainiko diote maisuari eta dantzari talde batek egileak idatzitako Ohorezko kontrapasa egingo diote, ekitaldia Donostiako Martxarekin amaituz.
Bestalde, igandean, apirilaren 26a, 12:15ean eskaintzen duten ohiko kontzertuan Araba izango dute ardatz txistulariek, San Prudentzio eguna iragarriz. Astero eskaintzen duten kontzertuan Arabako txoko eta efemerideei eskainiko diote programa. Entzungai izango dira, beste lan askoren artean: Añana, Baranbio, Inguruko dantza, Hartzaren ehiza edo Zeledon.