Urrezko Danborrera eta Hiritar Merezimenduaren Dominetarako hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 19an irekiko da

Aurreko prozesuetan ez bezala, bi aintzatespenerako proposamenak epe berean aurkeztu beharko dira, azaroaren 1era arte

2026/10/16 argitaratua

​​​​​​Donostiako Udalak urriaren 19an irekiko du  2027ko Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak lortzeko hautagaitzak aurkezteko epea. Berrikuntza gisa, aurten bi aintzatespenen proposamenak aurkezteko fasea aldi berean egingo da, azaroaren 1era arte.

Proposamenak aurkezteko prozesua epe berean (urriaren 19tik azaroaren 1era) egingo bada ere, bi aintzatespen desberdin eta independente direla azpimarratu behar da, bai beren izaeragatik, bai sari bakoitzak aitortu nahi dituen balio eta printzipioengatik.

Zentzu horretan, Idoia Gracia Herritarren Partaidetzako zinegotziak nabarmendu duenez, "Udaletik donostiar guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta, beren ibilbideagatik, ekarpenagatik edo hiriarekin duten loturagatik, sari bat edo bestea merezi dutela uste duten pertsona edo erakundeak proposatzera, bakoitzaren ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta".

Urrezko Danborra

Urrezko Danborra izaera bereziko aitorpena da; izan ere, nortasun juridikoa duen pertsona edo erakunde bat bereizten du urtero, bere ibilbideari edo garatzen duen jarduerari esker Donostia ezagutarazten eta hiriaren irudi positiboa kanpoan proiektatzen nabarmen lagundu duena, eta, aldi berean, beste leku, erakunde eta pertsonekin dituen loturak bultzatzen dituena.

Urriaren 19tik azaroaren 1era bitartean, Donostian erroldatutako pertsona fisikoek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, adin-mugarik gabe; kirol-elkarte, -fundazio eta -klubek edo enpresek ere egin ahal izango dituzte proposamenak, lau kasuetan, baldin eta egoitza hirian badute.

Proposamenak online jasoko dira Donostia.eus/sariak atalaren bidez, eta behar dutenek fisikoki eskatu ahal izango dute laguntza Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuaren bulegoetan. Hautagaitza aurkeztu eta argudiatzeko dokumentazioa erantsi ahal izango da, eta pertsona edo erakunde bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango dio Urrezko Danborrari.

Hiritar Merezimenduaren Dominak

Hiritar Merezimenduaren Dominei dagokienez, bestelako izaera dute; izan ere, hiriak nortasun juridikoa duten pertsona edo erakundeei ematen dien esker ona adierazten du, askotariko esparruetatik bizikidetza indartzen dutelako eta Donostiako bizitza kolektiboari balioa ematen diotelako.

Kasu horretan ere, proposamenak urriaren 19tik azaroaren 1era bitartean aurkeztu ahal izango dira. Kasu horretan, Donostian erroldatutako pertsonek egin ahal izango dute, adin-mugarik gabe; kirol-elkarte, -fundazio eta -klubek ere egin ahal izango dituzte proposamenak, lau kasuetan, betiere hirian helbideratuta badaude.

Hautagaitzak Donostia.eus/sariak atalaren bidez ere aurkeztuko dira, eta proposamena babesten duen dokumentazioa erantsi ahal izango da. Kasu honetan, aldea dago Urrezko Danborrarekiko; izan ere, ez dago mugarik pertsona edo erakunde batek aurkez ditzakeen proposamenen kopuruan, baina horietako bakoitzerako fitxa independente bat bete beharko da.

Herritarren partaidetza sustatzea

Proposamenak aurkezteko epeak bateratzeak prozesua erraztu nahi du herritarren parte-hartzeari begira, baina Urrezko Danborrak eta Hiritar Merezimenduaren Dominek beren nortasuna eta prozedura bereiziak manten ditzaten errespetatuz, hautagaitzak berariaz aurkeztu beharko baitira lortu nahi den sarira.

Prozesua hurrengo faseetan garatzeari dagokionez, Udalak behar bezala informatuko du proposamenak aurkezteko epea amaitu ondoren, aintzatespen bakoitzak prozedura desberdina baitu, eta, beraz, denborak aldakorrak izan daitezke.