Udan zakarrontziak gehiago hustuko ditu Udalak
Dispositiboa ekainetik irailera bitartean zabalduko da gehien, eta sei errefortzu-lantalde ere izango ditu
2026/07/10 argitaratua
Donostiako Udalak zakarrontzien hustuketa indartzeko dispositibo berezia jarri du martxan, uda-garaian hiriak duen jarduera-hazkundeari erantzuteko.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garcíak nabarmendu duenez, “Donostia asko aldatzen da udako hilabeteetan. Askoz ere jende gehiago dugu gure kale, hondartza eta pasealekuetan, jarduera handiagoa da eta espazio publikoaren erabilera askoz ere biziagoa. Horregatik, udal-zerbitzuak ere egokitu eta indartu egin behar dira, erantzunik onena eskaintzen jarraitzeko. Izan ere, adierazi duenez, baliabide hori “hiria kudeatzeko moduaren adibide bat da: planifikazioa ezarriz, premiei aurrea hartuz eta baliabideak gehien behar den lekuetan erabiliz”.
Hiriaren erritmora egokitutako errefortzu progresiboa
Sistema berria ez da urte osorako dispositibo finko gisa planteatzen; aitzitik, une bakoitzeko benetako premien arabera eboluzionatzen du. Ohiko eskuzko ekortzearen osagarri da zerbitzu hau, eta hondakin gehien sortzen diren puntuak indartzeko aukera ematen du.
- Jarduera apalagoko hilabeteetan, zerbitzua igarobide handiko eremuetan ematen da. Eremu horretan 300 zakarrontzi inguru daude, eta horietatik 120ri bigarren hustuketa bat egiten zaie.
- Udaberrian eta udazkenean, asteburuetan eta jaiegunetan, dispositiboa zabaldu egiten da. 420 zakarrontzi daude eremuan guztira eta horietatik 230 ingururen hustuketa indartzen da.
- Dispositiboa ekainetik irailera bitartean zabaltzen da gehien, zerbitzua Erdialdetik hegoaldera zabaltzen baita. Aldi horretan 600 zakarrontzi ingurutan jarduten da, eta horietako 360ren hustuketa indartzen da.
Hedatze horrekin batera, eremu horietako paperontziek irudi berri bat dute, Donostiak ingurumenarekiko duen konpromiso iraunkorrari balioa ematen diona. Diseinuak hondakinak behar bezala bereizteari buruzko mezuak eta ikonografia ditu, eta herritarren sentsibilizazioa indartzen eta espazio publikoa arduraz erabiltzea sustatzen du. “Ingurumenarekiko dugun konpromiso iraunkorra” “Nuestro compromiso con el Medio Ambiente”.
Ibilgailu elektrikoak, garbiketa jasangarriagoa eta isilagoa egiteko
Zerbitzuak % 100 elektrikoak diren Goupil G4L ibilgailu arinak erabiltzen ditu: ez dute kutsagarririk isurtzen eta garbiketa-lanak egitean zarata-maila askoz ere murritzagoa dute.
Zerbitzua hobetzeko teknologia
Errefortzu-zerbitzuak mugikorreko aplikazio bat erabiltzen du, zerbitzuaren jarraipena denbora errealean egiteko eta "zakarrontzi kritiko" izenekoak kontrolatzeko, hau da, gehien erabiltzen direnak edo jende gehien biltzen den lekuetan daudenak.