Albisteak
Altzako kiroldegi berriaren ekipamendua kontratatzeko lehiaketa argitaratu da, 530.000 €-ko aurrekontuarekin.
2021-06-25
Donostia Kirolak Altzako Udal Kiroldegi berrirako behar den ekipamenduaren hornidura kontratatzeko lizitazioa argitaratu du. Horrela, dena prest egongo da Obra eta Proiektu Sailak obra-fasea amaitzen duenean, eta kiroldegia ahalik eta lasterren ekipatu ahal izango da eta instalazioa irekitzeko epea aurreratu.
Kontratu honek lau ekipamendu-lote ditu eta berrikuntza batzuk dakartza Udalaren beste kirol-instalazio batzuetako ekipamenduari dagokionez. Lehenengo lotea takillei dagokie, bai banakako erabiltzaileek erabiliko dituztenak, bai ekipo edo arbitroek ere. Guztira, 400 armairu inguru egongo dira; horietatik 300 sarraila elektronikodun armairuak izango dira, eta Kirol Txartelarekin edo eskumuturrekoekin aktibatu ahal izango dira. Armairuen eremuan pantaila txiki batzuk egongo dira erabili den armairua kontsultatzeko. Guztira, 149.000 € erabiliko dira lote honetarako.
Bigarren loteak, 102.117 euroko aurrekontuarekin, bulegoetako altzariak, klubentzako lokalak, aulkiak, epaileentzako mahaiak eta abar hartzen ditu.
Aldagelen eta igerilekuen ekipamendua hirugarren loteari dagokio, eta 79.739 euroko partida du esleituta. Altzako kiroldegiko igerilekua bereziki waterpoloa praktikatzeko diseinatuta dago eta, beraz, kirol jarduera horrekin zerikusia duten elementuek garrantzi handia dute lote honetan. Hala, igeriketarako berariazko kortxo-ilarez gain (Nazioarteko Federazioaren araudiaren arabera), waterpolorako berariazko kortxo-ilarak, gainerako erabiltzaileak babesteko motordun sareak eta abar ere sartzen dira.
Azkenik, laugarren lotea kirol pistetako ekipamendurako da eta zenbateko handiena dauka, 199.045 € guztira. Altzako kiroldegi berriak bi kirol pista izango ditu eta moduluetan bana daitezke, aprobetxamendua optimizatzeko. Horregatik, lote honetan hiru gortina motorizatu sartzen dira, aldi berean lau modulu izateko aukera ematen dutenak. Pista horiek FIBA lehiaketetarako ate eta saski ziurtatuak izango dituzte.
Berrikuntza garrantzitsuetako bat da bai igerilekuek bai pista nagusiak kirol anitzeko bi bideomarkagailu elektroniko izango dituztela, eta horiek, partidetarako markagailuaren funtzionaltasunaz gain, beste informazio-eduki batzuk eskaintzeko aukera emango dute, hala nola, igerilekuko kaleen programazioa edo erabiltzaileentzat garrantzitsua den beste informazioak ere.
Gimnasioko makinetarako renting-a
Altzako Udal Kiroldegiak udal sareko gimnasio handienetako bat izango du (
Gimnasio honek lau alde izango ditu: indar-lana makinekin, pisu libreko eremua, gune funtzionala eta luzaketak eta eremu kardiobaskularra. Guztira, 72 makina instalatuko dira, denak bluetooth konexioa eta USB atakarekin. Gainera, barra olinpikoak, 42 kg-rainoko halterak, TRX, poleak, luzaketa-bankuak eta abar izango dira. Makina horien renting-kontratua hilean 9.680 €-koa izango da bost urtean, eta, ondoren, makina guztiak berritu egin beharko dira.
Aktualitatea
Aktualitatea