Albisteak
Bera Bera Rugby Taldeak eta Club Atlético San Sebastiánek DONOSTIA RUGBY aurkeztu dute, Donostiako errugbia indartzeko proiektu komuna.
2026-06-08
Club Atlético San Sebastiánek eta Bera Bera Rugby Taldeak DONOSTIA RUGBY - Bateginik Donostia Rugby Kluba aurkeztu dute. Egitura komun berri horren asmoa da gaitasunak batzea, baliabideak antolatzea eta Donostiako errugbia kirol-, gizarte- eta erakunde-sendotasun handiagoko etapa baterantz proiektatzea.
Proiektua ez da jatorrizko identitateen xurgapen edo desagerpen gisa planteatzen. Aitzitik, Donostiako kirol-esparruan ibilbide luzea duten bi erakundek indarrak batzea erabaki dute, helburu komun baten alde: Donostiako errugbiarentzako etorkizun sendoagoa eraikitzea.
“Bateginik” lemapean, elkarrekin eta lankidetzan, Donostia Rugbyk hiriko errugbiaren lehiakortasunaren erreferentzia bihurtu nahi du, eta klub fundatzaileak prestakuntza- eta garapen-oinarri gisa mantendu. Bat-egite horrek aro berri eta pozgarri baten hasiera adierazten du , bai bi erakundeentzat, bai Donostiako errugbiarentzat.
Ekimenak errealitate partekatu bati erantzuten dio: Donostiak talentua, zaletasuna, instalazioak eta tradizioa ditu errugbiaren esparruan, baina egitura sendoagoa behar du egungo errokei aurre egiteko. Dauden baliabideak optimizatzea da Donostia Rugby proiektuaren asmoa, bai eta proiektu egonkor eta ezaguterraz bat sortzea ere, etorkizuna izango duena.
Donostiako Udaleko Kiroletako Bizitza Osasuntsurako Zinegotzigoaren eta Donostia Kirolaren bultzadari eta lankidetzari esker eman ahal izan da pauso hori; izan ere, alderdien arteko elkarrizketa bultzatu du, eta ikuspegi partekatua bultzatu du, hain zuzen ere hiriko errugbiaren etorkizunerako. Erakundeen babesa garrantzitsua izan da, baina baita Club Atlético San Sebastiánen eta Bera Bera Rugby Taldearen borondatea ere, aurrera begiratzeko eta Donostiako errugbiaren interes orokorra lehenesteko borondatea erakutsi baitute.
Hiri-proiektu bat
Kirol-apustu gisa ez ezik, hiri-proiektu gisa era aurkezten da Donostia Rugby. Proiektuaren helburua da Donostian errugbia indartzea, harrobirako erreferenteak sortzea eta jokalariei goi-errendimenduko kiroleranzko bide argi bat eskaintzea.
Proiektu berri horrek lau ardatz nagusi izango ditu oinarri:
- Harrobia. Bertako talentua izango da proiektuaren ardatza. Atlético San Sebastian eta Bera Bera kluben egituretan trebatutako jokalariak garatu eta horiei laguntzea izango da lehentasuna.
- Berdintasuna. Gizonen eta emakumeen ataletarako estandar profesional baliokideak bermatzeko konpromisoarekin sortu zen Donostia Rugby, besteak beste, arlo hauetan: prestakuntza fisikoan, arreta medikoan, fisioterapian, kirol-plangintzan eta baliabideetarako sarbidean.
- Profesionalizazioa. Proiektuak apustu garbi bat egiten du plangintzan, exijentzian, lesioen prebentzioan, prestakuntza teknikoan eta kudeaketa arduratsuan oinarritutako lan-metodologia baten alde.
- Jasangarritasuna. Entitateak honako hauek izango ditu: gobernantza orekatua eta klub sustatzaileen baterako erantzukizunean oinarritutako eredu ekonomikoa. Era berean, erakundeen babesa izango du eta heinean-heinean babesle berriek proiektua babestea espero da.
Hiriaren batasuna eta nortasuna irudikatzen dituen armarria
Donostia Rugby proiektuaren identitate bisualak haren arima islatzen du. Armarri berrian balearen irudia ageri da, euskal itsas historiari eta gure kostaldearen nortasunari oso lotuta dagoen sinboloa. Indarra, izaera, egokitzeko gaitasuna eta lan kolektiboa adierazten ditu, eta balio horiek definitzen dituzte bai errugbia, bai garai berri hau ere.
Klub berri honen identitaterako aukeratutako hiru koloreak urdina, zuria eta laranja dira, Bera Bera RT eta Atlético San Sebastián kluben 3 kolore nagusiak, alegia.
Armarriak, bere elementu grafikoez harago, etapa berri hau inspiratzen duten balioak irudikatzen ditu: lankidetza, kidego-izaera, ahalegin kolektiboa eta anbizio partekatua.
Aiete, Puio eta Miniestadioa: lan-sare bat
Proiektuaren aktibo nagusietako bat hiriko kirol-instalazioak modu koordinatuan erabiltzea izango da. Aietek, Puiok eta Anoetako miniestadioak entrenamendurako, prestakuntza fisikorako, errekuperaziorako eta lehiaketarako espazioen sare bat osatuko dute.
Antolamendu horrek aukera emango du ordutegiak optimizatzeko, saioen kalitatea hobetzeko eta plantilla guztiei lan-baldintza hobeak eskaintzeko. Helburua da jokalariek metodologia komun baten arabera eta kirol-hazkunderako ingurune egokietan garatzea beren jarduera.
Kirol-esparruko ibilbide-orria
Donostia Rugbyren hasierako plangintza lau urterakoa eta progresiboa da:
2026-2027 denboraldian honako hauetan jarriko da arreta: talde-kultura komuna eraikitzean, lan-metodologia partekatua finkatzean eta anbizioz lehiatzean.
Patrick Polidori izango da proiektu horren kirol-zuzendaria: ospe handia du errugbian, eta haren esperientzia eta lidergoa funtsezkoak izango dira etapa berri honi dagokion bultzada emateko. Aldi berean, 2026-2027 denboraldirako gizonen eta emakumeen plantillak prestatzen ari dira, proiektuaren nortasuna eta anbizioa islatuko duten talde lehiakorrak osatzeko.
Hurrengo urteetan, Donostia Rugbyk aurrera egingo du kirol-espezializazio handiagoa lortzeko, jokalarien jarraipen indibidualizatuagoa egiteko eta talentu gazteentzako garapen-espazioak indartzeko bidean.
Helburu nagusia da kirolaren eta erakundeen profesionalizazio-maila handiagoa lortzea eta estatuko errugbiaren erreferentziazko kategorietan presentzia egonkor gisa finkatzea.
Emakumezkoen taldea, proiektuaren funtsezko elementua
Emakumeen atala Donostia Rugbyren gune estrategikoetako bat da hasiera-hasieratik.
Proiektuak konpromisoa hartzen du benetako berdintasun-irizpideekin lan egiteko bai baliabideetan, bai plangintzan, bai arreta profesionalean, bai eta ikusgarritasunean ere. Emakumezkoen taldeak egonkortasuna eta hazkundea izatea lehentasunak izango dira lehenengo denboralditik, ziur baikaude Donostiako errugbiaren garapena elkarrekin eraiki behar dela.
Errugbiak eta erakundeek babestutako aurkezpena
Donostia Rubgy proiektuaren aurkezpen ofizialean erakundeen ordezkariak, kirol-arduradunak, jokalariak eta hiriko kirol-sareko kide nabarmenak izan dira.
Aurkezpena Udalbatza Aretoan egin da, eta Donostiako alkate Jon Insausti jaunak hartu du hitza. Bereziki pozik agertu da, “kirolak albiste onak ematera ohituta gauden arren, gaurkoak ez baitu emaitza batekin zerikusirik, baizik eta epe luzerako estrategia batekin, ikuspegi bateratu batekin eta donostiarren arteko fusio batekin. Aliantzen balioa agerian uzten duen proiektu honek eragin positiboak utziko ditu oinarrizko kirolean, profesionalizaziorako bidean eta baliabideen eta talentuaren kudeaketan”.
Bestalde, Kiroletako eta Bizitza Osasuntsurako zinegotzi Iñaki Gabarain jaunak parte hartu du. Azken horrek azpimarratu du bat-egite honek garrantzia eta sinbolismo dituela Donostiako kirolerako. “Albiste bikaina da, ez errugbiarentzat bakarrik, baita gure hiriko kirolarentzat ere. Indarrak batu behar ditugu erronkei erantzuteko, hazteko eta anbizio handiko helburuak ezartzeko. Udalak beti babestuko ditu ilusioa pizten duten proiektuak, hala nola Donostia Rugby”, azpimarratu du Gabarainek, baita erakundeetako beste ordezkari batzuk ere.
Aurkezpen-ekitaldian Javier Blanco “Txuri” ere izan da, Donostia Rugby klub berriaren lehen presidentea izango dena: errugbiari oso lotuta dago; lehen etapan jokalari izan zen, eta, ondoren, Ohorezko Mailako arbitro; eta gaur egun, arbitro nazionalen ebaluatzaile izaten jarraitzen du. Era berean, aurkezpenean izan dira Javier Mendiburu, Club Atlético San Sebastián klubeko presidentea; Iñaki Zaldua, Bera Bera Rugby Taldeko errugbi-ataleko arduraduna; eta Ane Gabantxo, Donostiako emakumezkoen errugbi-taldeko kapitainetako bat.
Javier Mendiburuk azpimarratu duenez, Donostia Rugby proiektua sortzeak “ez dirudi oso erabaki nabarmena denik, hasiera batean behintzat, hain zuzen ere ibilbide luzeko bi klub baitaude Donostian. Hala ere, formula horrek elkarrekin lan egiteko aukera ematen digu, klub bakoitzaren nortasunari eta jarduerari kalterik egin gabe”.
Club Atlético San Sebastiáneko presidenteak adierazi duenez, “errugbiak, kirol gisa, jokalari-, baliabide-, instalazio- eta egitura-oinarri zabala eskatzen du, eta klub bakoitzak erronka horiei bere aldetik aurre egiteak asko mugatzen du hazteko gaitasuna”. Ildo horretan, Donostia Rugby proiektua “bi kluben lana proiektu komun, indartsu eta proiekzio handiagoko batean bat gauzatzeko tresna” gisa sortu dela adierazi du.
Mendiburuk Bègles eta Bordeaux kluben adibidea ere gogoratu nahi izan du. Bordeleko bi klub horiek bat egin zuten, eta gaur egun Europako errugbiaren erreferentzia dira: “Bat-egiteek, ongi egiten badira, ez dute historia ezabatzen; aitzitik, historia hori indartsuago bihur dezakete. Horixe da gure helburua ere: zer garen errespetatzea eta aldi berean Donostiako errugbiaren etorkizunerako zerbait hobea eraikitzea”.
Iñaki Zalduak adierazi duenez, “bi klubak, bakoitza bere aldetik, indartsuak ginen, baina elkarrekin, zalantzarik gabe, Donostiako errugbirako etapa berri arrakastatsu baten ateak irekitzen ari gara. Hau guztia ez zen posible izango epe luzerako ikuspegi estrategikorik gabe. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu, zentzurik zabalenean, Club Atlético San Sebastián, Kiroletako eta Bizitza Osasuntsurako Zinegotzigoari, Donostia Kirolari eta Udalari, azken hilabeteetan egindako sekulako lanagatik”.
Javier Blancok hau azpimarratu nahi izan du, “argi eta garbi esan nahi dut: Donostia Rugby ez da xurgapen bat. Ez da nortasun batek beste bat garaitzea. Ez da bi kluben ibilbideak ezabatzeko eragiketa bat. Gaitasunen, esperientziaren eta konpromisoaren batuketa arduratsu bat da”.
Era berean, azpimarratu duenez, “Donostialdean sortu eta trebatutako talentuak izan behar du proiektuaren ardatz nagusi. Gure klubetako jokalariek aurrera egiteko benetako bide bat ikustea nahi dugu. Hemen prestatu eta hemen hazi daitezkeela sentitzea nahi dugu, bai eta hemen lehiatu dezaketela ere. Proiektu sendo, ezaguterraz eta jasangarri bat eraikitzea da gure helburua”.
Azkenik, proiektu berri honetako jokalariak ordezkatuz, Ane Gabantxok hartu du hitza eta hau azpimarratu du: “Donostia Rugby aukera bat da emakumeen errugbiari ikusgarritasun handiagoa emateko eta neskato, gazte eta emakume gehiagori errugbia deskubritzeko gonbitea luzatzeko. Proiektu hau ikusten duen neska batek «nik ere errugbian joka dezaket» pentsatzea nahi dugu”. Emakumeen errugbia aro berri horren parte da, naturaltasunez, harrotasunez eta hazten jarraitzeko gogo handiz egiten diogu aurre garai berri honi”.
Horiekin batera izan dira erakundeetako ordezkariak, errugbi-klubak, Euskadiko eta Gipuzkoako Errugbi Federazioko kideak, entrenatzaileak, jokalari ohiak, laguntzaileak eta hirian errugbiaren garapenari lotutako hainbat pertsona. Era berean, kirolaren eta errugbiaren hainbat erreferentek beren babesa erakutsi nahi izan dute aurkezpenean, eta haien presentziak agerian utzi du proiektu honek klub bultzatzaileez haraindian piztu duen interesa eta garrantzia.
Aktualitatea
Aktualitatea