Albisteak
Bihartik aurrera, gimnasioetako aldagelak eta dutxak ere erabili ahal izango dira, eta edukiera %60raino handituko da.
2020-06-08
Donostia Kirola Eusko Jaurlaritzaren dekretuan ezarritakoari egokitzen zaio
Astelehen honetan, ekainak 8, berriro ireki dituzte udal kiroldegietako gimnasioak, aurretik ordua hartuta, %50eko edukiera dute eta ezin dituzte dutxak eta aldagelak erabili. Hala ere, atzo (igandea) argitaratutako Eusko Jaurlaritzaren dekretuak %60ko edukiera onartzen du eta aldagelak eta dutxak erabiltzeko aukera ere ematen du, betiere erabiltzaileen artean gutxienez 2 m-ko distantzia bermatzen bada. Horregatik, Donostia Kirolak aldagelak eta dutxak bihartik aurrera irekitzea erabaki du, nahiz eta erabiltzaileei ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen zaien.
Aldagela horietarako sarbideetan, segurtasun neurri horiek bermatzeko gehieneko edukiera duen kartela jarriko da. Beraz, erabiltzaileei edukiera hori errespetatzeko eskatuko zaie.
Kirol Txartelaren abonatuek erantzun ona eman diote gimnasioak aldez aurreko hitzorduaren sistemarekin berrirekitzeari. Hitzordua on line emateko sistema igandean jarri zen martxan, astelehenerako orduak hartu ahal izateko. Ekainaren 8ko arratsaldeko 14:00ak arte, 1.000 erreserba baino gehiago egin dira gimnasiora joateko.
Nolanahi ere, ezarritako %60ko edukierari esker, 2.830 pertsonak erabil ditzakete gimnasio horiek egunean.
Donostia Kirolak erabiltzaileei eskerrak eman nahi dizkie instalazioak arduraz erabiltzeagatik, ezarritako segurtasun neurri guztiak errespetatuz.
Aktualitatea
Aktualitatea