Albisteak
Donostia Kirola instalazioak itxi eta jarduerak bertan behera uzteko abonuen eta ikastaroen itzulketak tramitatzen hasi da.
2020-06-12
Covid19k eragindako osasun-larrialdia dela eta, Udalaren kirol-instalazioak itxita egon dira martxoaren 13tik ekainaren 8ra, eta, ondorioz, ezin izan dituzte erabili Kirol Txarteleko abonatuek epe horretan, eta ezin izan dira eman Kirol Ekintzak kanpainako ikastaroetako saioak.
Hori dela eta, Donostia Kirola itxiera egun horien zati proportzionalaren itzulketak tramitatzen hasi da, bai abonuei bai ikastaroei dagokienez. Horretarako, gune bat prestatu du web orrian (donostiakirola.eus), abonatuaren eremuan, abonatuek edo ikastaroetan izena eman dutenek beren banku-datuak baieztatzeko edo, Donostia Kirolak datu horiek ez baditu, adierazteko, prozedura erraz baten bidez. Urrats hori ezinbestekoa da itzulketak berme guztiekin egin daitezen. Donostia Kirolaren arretarako guneetan ere egin daiteke izapide hori, baina web orriaren bidez egitea gomendatzen da. Gaur egun, 7.000 pertsonak baino gehiagok izapidetu dute itzulketa.
Lauhileko ordainketa duten abonatuen kasuan, ekainean igorriko diren bigarren lauhilekoko ordainagirietan, itxiera egun horiei dagokien deskontua aplikatuko zaie, eta, beraz, ez dute inolako izapiderik egin behar.
Azkenik, Donostia Kirolak pazientzia eta konpresioa eskatu nahi die abonatuei, itzulketen bolumena oso handia baita (50.000 abonatu eta 10.000 ikasle), eta horrek itzulketa-epeak ohi baino luzeagoak izatea eragingo du.
Aktualitatea
Aktualitatea