Albisteak
Donostia Kirolak webgune berria estreinatu du, online zerbitzu gehiagorekin eta bereziki gailu mugikorretarako diseinatuta
2020-07-17
Donostia Kirolak web orria berritu du, Udalaren kirol zerbitzuen erabiltzaileen eskaerei erantzuteko. Helburu nagusietako bat gailu mugikorretara bereziki egokitutako web bat diseinatzea izan da; izan ere, web orriko edukietarako sarbideen %60 baino gehiago telefono mugikorren, tableten eta antzeko gailuen bidez egiten dira.
Diseinu modernoagoa eta eskuragarriagoa izateaz gain, edukiak berregituratu dira, gehien bisitatzen diren atalei garrantzi handiagoa emateko. Zehazki, online izapide eta zerbitzuek lehentasuna dute orain webgune berri honetan.
Donostia Kirolaren web orriak online izapide eta zerbitzu ugari sartu ditu urte hauetan, hala nola, kirol espazioen edukiera denbora errealean kontsultatzea, instalazioak birtualki bisitatzea edo kirol saio birtualak. Gainera, Donostia Kirolak ematen dituen zerbitzuekin lotutako ia izapide guztiak web-orriaren bidez egin daitezke (2019an izapide guztien %60 on line egin ziren: izen-emateak, abonuak, erreserbak, diru-laguntzak…).
Alde horretatik, webgune berrian garrantzi berezia eman zaio “Harpidedunaren gunea” izeneko guneari. Gune horretatik izapide ugari egin eta hainbat zerbitzu eskura daitezke: datu pertsonalak, ordainagiriak, instalazioetarako sarbideen historia, ordaintzeko modua aldatzea, Aukeran asteroko programazioan edo ikastaroetan izena ematea, zozketetan parte hartzea, etab. Hilabete hauetan zehar, gune hau aurreko hitzordua kudeatzeko ere erabili da instalazioak berriro ireki ziren lehen egunetan, edo bertan behera utzitako ikastaroen edo instalazioak itxita egon diren egunei dagozkien itzulketak tramitatzeko.
Orain, Harpidedunaren Gune horretatik, aldi baterako txartel birtual bat ere deskargatu ahal izango da mugikorrean. Txartel horri esker, Kirol Txartelera abonatutako pertsonak sakelako telefonoa erabiliz sartuko dira kirol-instalazioetara, txartel fisikoa erabili beharrik gabe.
Aktualitatea
Aktualitatea