Kirola gehien egiten den Europako hirietako bat da Donostia

2021-09-22

Kirola gehiago hazi da emakumeen artean, Donostia Kirolak egindako Kirol Ohituren V. Azterlanaren ondorioek erakusten dutenez.

Kirola maiz egiten duten donostiarren portzentajea (gutxienez astean behin, eta saio bakoitzean gutxienez ordu erdiz) oso handia mantentzen da, %73tik gorakoa. Hau da, Euskadiko batez bestekoa baino 8 puntu gehiago (Eusko Jaurlaritzaren azterketa - 2021) eta Estatuko batez bestekoa baino 13 puntu gehiago (Espainiako Kirol Ohiturei buruzko Inkesta, 2020). Argitaratutako kirolaren azken Eurobarometroko datuekin alderatuz gero, Donostia Europako batez bestekoa baino 19 puntu gorago dago, biztanleria aktiboaren portzentaje handiena duten herrialde nordikoetatik gertu.

 

Ekainean Donostia Kirolak egindako azterketaren emaitzek, herritarren jarduera fisikoari eta kirolari dagokionez, azken urteotako goranzko joera finkatzen dute,  bereziki emakumeen artean, lehen aldiz, kirola egiten duten gizonen ehunekoa gainditzen baitute. Emakumeen % 76k adierazi du jarduera fisikoa egin ohi duela; gizonen kasuan, berriz, % 70,5ek.

 

Halaber, azterketan egiaztatu da ere kirol-jardueraren maiztasuna handitu egin dela; izan ere, biztanleen %61ek adierazi du astean, gutxienez, OMS-k gomendatutako 150 minutu egiten dituela. Duela lau urte ehuneko hori %56koa zen.

 

Egindako jarduerei dagokienez, aldaketa nabarmenak izan dira aurreko azterlanekin alderatuta, segur aski pandemiaren ondorioz. Oinez ibiltzea da ohikoena (%43), batez ere emakumeen artean (kirola egiten duten emakumeen %52,20k beren jarduera gogokoenen artean ibiltzea dago). Jarduera horrek 13 puntuko hazkundea izan du 2017tik. Hazkunde handia izan duen beste jarduera bat gimnasiora joatea izan da (kardiobaskularra, funtzionala, muskulazioa...). Bigarren lekuan dago, eta 2017an %13tik %23ra igaro da 2021ean. Igoera hori garrantzitsuagoa da gizonen artean (10 puntu igo da), baina emakumeen artean ere nabarmena da.(% 13tik% 19ra igo da).

 

Hirugarren postua aretoko jarduerek betetzen dute (indoor zikloa, pilatesa, etab.), bereziki emakumeen kasuan, horietan egiten diren jarduera guztien %22 baitira. Hala ere, kasu honetan jaitsiera handia izan da, pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz (17 puntu gutxiago). Azkenik, jarduerei dagokienez, nabarmentzekoa da igeriketa eta running-a handitu egin direla emakumeen artean. Hala ere, balantze globalean, korrika egiteko jarduera %14an gelditu da, gizonen artean jarduera hori pixka bat jaitsi delako (7 puntu gutxiago), seguru asko azken urtean herri-lasterketarik egin ez delako.


Kirola egiten den tokiei dagokienez, aldaketa nabarmena ikus dezakegu aurreko ikerketen aldean. Aire zabaleko kirol-jarduera nabarmen igo da; izan ere, kirola egiten duten pertsonen %84k, gutxienez, aire zabaleko kirol-jardueretako bat egiten du (2017an, portzentaje hori %59koa zen). Aldiz, kirol-instalazioetako jarduera %36tik %28ra jaitsi da. Nabarmentzekoa da, halaber, kirola etxean egiten duten pertsonen kopurua ere (%8,3) igo egin dela, nahiz eta 2017. urteko inkestan ez zen ia kasu hori erregistratu.

 

Kirola egiteko motibazioen artean, hiru hauek dira nagusi: erlaxatzea/dibertitzea, sasoian egotea eta osasun-arrazoiak. Hala ere, alde handiak daude gizonen eta emakumeen artean, gizonen kasuan erlaxatzeko/dibertitzeko Arrazola da nagusi; emakumeen artean, berriz, sasoian egotea da arrazoi nagusia. Kirolik egiten ez dutenen artean, denbora falta, nagikeria edo nekea dira aipatutako arrazoiak. Nabarmentzekoa da %0,7k soilik esatea kirol-instalazio egokirik ez izatea dela kirola ez egiteko arrazoia.

 

Azkenik, udal kirol zerbitzuen hainbat alderdiri buruz herritarrek duten ezagutza eta pertzepzioa ere neurtu da azterlan honetan. Hala, herritarren % 73k esan du ezagutzen duela Kirol Txartela eta % 40k Kirol Ekintzak kanpaina. Bestalde, galdetutako pertsonen %60k uste du ez dela beharrezkoa hirian kirol instalazio gehiago jartzea. Kirolgune gehiago beharko liratekeela uste dutenen artean, aire zabaleko instalazioen eskaera nabarmentzen da. Udalaren kirol instalazioen sareak balorazioa  ona jaso du (10etik 7,2).

Dokumentuak

Aktualitatea