Albisteak
Real Sociedadekin hitzarmena Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak berritzeko
2021-03-03
Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak hurrengo hilabeteetan berrituko dira, Real Sociedadek eta Donostiako Udalak lortutako akordioari esker. Donostiako alkate Eneko Goiak eta Real Sociedadeko presidente Jokin Aperribay-ek azaldu dute bi futbol zelai horiek berritzea ezinbestekoa dela bai hiriarentzat, baita harrobiko futbola eta emakumeen futbola garatzen jarraitzeko ere.
Eneko Goia alkateak eskertu du, hiriko erreferentziazko futbol taldeak izan duen jarrera, izan ere, une zail hauetan laguntza eskaini du bi futbol zelai garrantzitsu hauek berritzeko. Horri esker, bertan euren jarduera aurrera eramaten duten gizonezkoen zein emakumezkoen futbol klubek instalazio egokiagoak izango dituzte lanean jarraitzeko.
Real Sociedadeko presidente Jokin Aperribayek azpimarratu du bi futbol zelai horiek berritzeak duen garrantzia: “Donostiako Udalari eskertu nahi diogu elkarlanean aritzeko izan duen borondatea. Donostiako eta Gipuzkoako futbolarentzat albiste pozgarria da, bai gizonezkoen, bai emakumezkoen futbolarenzat. Realaren helburua da gipuzkoar guztiei kirola gerturatzea, adin eta maila guztietan futbolean aritzea lagunduz. Beraz, futbolari gazteentzat albiste ezinhobea da”.
Matigoxotegi
Matigoxotegiko zelaia berritzeko egin beharreko lanak handiagoak izango dira. Zehatzago, belar artifiziala aldatuko da, izan ere, egoera kaxkarrean dago. Behin belarra kenduta zelaia ureztatzeko sistema guztiz aldatuko da, hau da, hodiak, kainoiak, bonbak eta programadorea aldatuko dira, eta ur-biltegi bat egingo da. Halaber, azaleraren erregulartasuna konprobatuko da.
Donostiako Udalaren kontratazio mahaiak lan horiek egiteko jasotako eskaintzak ireki zituen lehengo astean. Obras y Pavimentos Especiales enpresa gelditu da lehen tokian esleipen prozesuan, eta beraz, kontratuaren esleipenduna izango da. Eta kontratuak 276.592 euroko kostua izango du. Lanak egiteko epea bi hilabetekoa izango da, behin kontratua sinatuta.
Cesar Benito
Bestalde, Cesar Benito futbol zelaia, hain zuzen ere, Intxaurdi K.Ek kudeatzen duen futbol zalaia, berrituko da eta helburua honakoa da: alde batetik, zoladura hobetzea, bereziki zelaiaren ipar ekialdean dagoen desinbela konpontzeko; eta bestetik, belar artifiziala aldatzea.
Bi kasutan, hainbat laborategi-azterketa egingo dira kirol errendimenduaren mailak bermatzeko, baita kirol jarduera maila kontuan hartuta jokalaria eta azaleraren arteko interakzioa ikusteko ere.
Aktualitatea
Aktualitatea