Euskal Jaiek tradizioa eta oraina uztartuko dituzte irailaren 2tik 13ra
Jaiek adin guztientzako egitarau anitza dute
2026/09/01 argitaratua
Donostiako Euskal Jaiak irailaren 2an, asteazkenean, hasiko dira Kontxako Banderarako gizonezkoen sailkatze estropadarekin. Horrela, hiriak programazio zabal eta koloretsu batez gozatu ahal izango du hamabi egunez.
Olatz Yarza lehen alkateordeak nabarmendu duenez, “egitarauaren 12 egunetan, Euskal Jaiek era guztietako jarduerak ekarriko dituzte Donostiara, gure sustraiekin konektatzeko eta gure kulturaz, kirolaz eta tradizioez gozatzeko aukera emateko".
Estropadak eta lehen asteburuko hitzordu handiak
Jaiei hasiera emateko, ohi bezala, estropadak egingo dira Donostiako badian irailaren 2an eta 3an sailkatze probekin. Asteburuan, berriz, irailaren 5ean, larunbatean, jai-giroak indar handia hartuko du Sagardo Egunarekin Konstituzio plazan, goizeko 11:00etatik aurrera Gipuzkoako 31 sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukerarekin.
Egun horretan bertan, Kantujira herrikoia ibiliko da Loiola kaletik Parte Zaharrera eguerdiko 12:00etan. Arratsaldean, Arrobitxuloko bolatokian bolo txapelketa egingo da, eta 19:00etatik aurrera, Konstituzio plazan, Esku Dantza eta, jarrian, erromeria herrikoia.
Euskal Jaietako lehen asteburuari amaiera emateko, igandean, irailaren 6an, Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia jokatuko da.
Musika, poesia eta omenaldi nagusia
Musikak eta poesiak txoko berezia izango dute Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, "Poesia Orduak" zikloarekin: irailaren 7an Miren Agur Meabe eta Ibon RGren eskutik, eta irailaren 8an Fertxu Izquierdo eta BlekingeKale Banden taldearekin.
Edizio honetako ardatz nagusietako bat María Elena Arizmendiri egingo zaion aitortza izango da, euskal kulturaren eta jantzien transmisioan egin duen lana eskertzeko. Hori dela eta, "Euskal Jantziak" erakusketa bisitatu ahal izango da irailaren 5etik 12ra San Jeronimoko aretoan, eta gaiari buruzko hainbat hitzaldi entzuteko aukera egongo da. Hitzordu nagusia irailaren 10ean izango da, arratsaldeko 20:00etan, Udalbatzan egingo den aitortza ekitaldiarekin eta batelarien zortziko bereziaren dantzaldiarekin.
Bigarren asteburuko egitaraua borobiltzeko, irailaren 11n, ostiralean, erromeria izango da Trinitate plazan Zatekeen taldearekin. Larunbatean, irailaren 12an, Muxikoak (12:00etan) eta XVIII. Larrain Dantza (13:30ean) dantzatu ahal izango dira Konstituzio plazan; eta gaueko 20:00etan,"Donostia Bertsolan" jaialdi handia ospatuko da Trinitate plazan puntako bertsolariekin.
Haurrentzako txokoa eta lehiaketa herrikoiak
Txikienek ere badute non aukeratu:
- irailaren 9an haur zine-emanaldia eta gazteentzako On-line Ihes Gela izango dira Kresala elkartean;
- irailaren 11n XI. Toka Haur Txapelketa Trinitate plazan;
- eta irailaren 12an, arratsaldeko 17:00etan, Dragoiaren jaitsiera egingo da Urgulletik, erraldoi eta buruhandiekin batera. Zuloaga plazan Jokai jokoak eta txokolatada izango dira ondoren, eta eguna 21:00etan amaituko da zezensuzkoarekin.
Lehiaketei dagokionez, aipatzekoak dira:
- Dantza Sueltoko Txapelketa (irailaren 6an),
- VIII. Marmitako Lehiaketa - Josu Esnal Memoriala (irailaren 11n),
- Tomate Lehiaketa (irailaren 5ean),
- eta XIV. "Luis Irizar" Legatza Donostiar Erara Lehiaketa solidarioa (irailaren 12an).
Azokei dagokionez:
- Nekazaritza Ekologikoaren XXV. Azoka egongo da Boulevardean irailaren 5ean,
- eta VI. Artisautza Azoka Alderdi Ederren irailaren 2tik 13ra.
Kirola eta Gaztelu Eguna
Kirol tradizionalak ez du hutsik egingo: Kontxako Estropadez gain, Esku-Pilota Txapelketako finalak irailaren 10ean ospatuko dira Trinitate plazan; eta Irailaren 12an, berriz, Urgulleko XXIV. Krosa eta 82. Kontxa Badiako Igerialdia.
Azkenik, Gaztelu Eguna irailaren 6an, igandean, ospatuko da. 1813ko suntsiketaren ostean Donostia nola berreraiki zen gogoratuko dugu herri martxa, kapitulazioen irakurketa, herri bazkaria Urgulleko "Macho"an eta, azkenik Zubietako aktak irakurtzeko Boulevardeko amaiera ekitaldiarekin.
2026ko kartela
Aurtengo kartelaren ezaugarri nagusienak bizitasuna eta koloreak dira. Kartelaren erdian dantzarien bikote bat agertzen da ohiko jantzi tradizionalekin dantza alai batean bat eginda. “EUSKAL JAIAK” letrek eszena kokatzen dute borobil berde eta gorriekin, Urgulleko eta badiako siluetaz lagunduta, eta oinarrian txistulari baten irudiarekin. Kartelak gure kulturaren alaitasuna jaietan laburbiltzen du.