Udalak BasoJan bultzatu du, baso jangarrien proiektua
Ekimenak ingurumen-berroneratzea, hezkuntza ekologikoa eta bizilagunen inplikazioa uztartzen ditu hiriko hainbat tokitan
2026/07/01 argitaratua
Donostiako Udalak, Parke eta Lorategien Atalaren bidez, BasoJan sustatzen du. Hiri-baso jangarrien proiektua da BasoJan, balio ekologiko txikiko berdeguneak elikagaiak ekoizteko, biodibertsitatea handitzeko eta herritarrak ingurunearen zaintzan gehiago inplikatzeko moduko ekosistema bihurtzen dituena.
Iaz abian jarritako ekimen horrek asmoa da naturaren funtzionamendua imitatzen duten nekazaritza eta baso sistemak sortzea, hiri espazioak berroneratzeko, klima aldaketaren aurrean duten erresilientzia hobetzeko eta pertsonen eta natura-ingurunearen arteko bizikidetza errazteko.
BasoJan programaren balio nagusietako bat haren izaera parte-hartzailea da. Baso horiek diseinatu, sortu eta mantentzeko lanak herritarrekin batera egiten dira, eta ingurumen-hezkuntza, belaunaldien arteko ezagutzen transmisioa eta espazio publikoetako kide izatearen sentimendua sustatzen dira hala.
Ingurumen-hezkuntza haurtzarotik
Azken urtean, Aiete Ikastetxean, Intxaurrondo Hegoan eta Ibai Ikastolan garatu da proiektua. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleek eta irakasleek biodibertsitateari, baso jangarriei, lurzoruei eta landare-espezieei buruzko prestakuntza-saioetan eta praktiketan parte hartu dute.
Horren emaitza gisa, tokiko klimara egokitutako hogeita hamar espezie baino gehiago landatu dira, besteak beste fruta-arbolak, zuhaixkak eta landare osagarriak; era berean, aire zabaleko espazioak gaitu dira natura-ikasgela gisa, ingurunearekin zuzeneko harremana duten hezkuntza-jarduerak garatzeko.
BasoJan programa Gantxegiko (Antigua) ezpondara ere iritsi da. Bertan, baso jangarri berria auzokideekin batera diseinatu eta sortu da, parte hartzeko prozesu baten bidez. Prozesu horretan, aurkezpen-, prestakuntza- eta ekodiseinu-saioak egin dira, proiektua auzoaren beharretara egokitzeko.
Gainera, Putzuetako parke-mintegian baso jangarri berri bat landatu da, eta Landartean masterreko ikasleek parte hartu dute prozesu horretan.
Hain zuzen ere, Putzueta da proiektuaren gune esperimentala eta BasoJan proiektuan erabilitako landare-espezieak bertatik datoz. Laborategi bizi horrek beste udal-ekimen batzuk ere bultzatzen ditu, hala nola BERdeaPIZTU, Orkideazain eta Haziberri, guztiak ere Donostiako hiri-basoa handitu eta hobetzea helburu dutenak.
Hiri eredu erresilienteagoa
BasoJan baso jangarriak nekazaritza sintropikoaren printzipioei jarraituz garatzen dira. Ernst Götsch-ek bultzatutako eredua da, lurzoruak eta biodibertsitatea bizkor birsortzen laguntzen duena landare-dentsitate handiko sistema naturalen bidez.
Elikagaiak ekoizteaz gain, gune horiek karbono hustubide gisa jarduten dute, eta hektareako eta urteko 10 tona CO2 xurgatzeko ahalmena dute. Gainera, bero uhartearen efektua arintzen laguntzen dute, eta ez dute mantentze lan handirik behar, baso ekosistemen berezko autoerregulazioari esker.
Era berean, hiri biodibertsitatea hobetzen dute, polinizatzaileen eta tokiko faunaren presentzia errazten dute, eta hiriaren erresilientzia klimatikoa areagotzen dute, lurzoruak hezetasuna hobeto atxikitzen dutelako eta muturreko fenomeno meteorologikoak eraginkortasun handiagoz jasaten dituztelako, hala nola euri jasak edo lehorte aldiak.