Udalak 112 profesionalez osatutako garbiketa-dispositibo berezi bat martxan jarriko du

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzak txandak, makineria eta hondakinen bilketa indartuko ditu jai-jarduera handieneko tokietan Aste Nagusian

2026/08/06 argitaratua


Donostiako Udalak, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzaren bidez, garbiketa-dispositibo berezi handi bat jarriko du abian 2026ko Aste Nagusian. Hala, bada, ohiko zerbitzuak berrantolatuko dira, eta langile, makina eta baliabide kopuru handiak jarriko dira hondakinak biltzeko.

Operatiboak 112 profesional izango ditu, eta zazpi jarduera-eremutan antolatuko da:

  • Parte Zaharra eta Erdialdea
  • Pasealeku Berria, Aldamar eta Zubieta
  • San Martin eta San Bartolome
  • Gros, Kursaal, Zurriola eta Sagues
  • Arratsaldeko txanda berezia
  • Su artifizialak jaurtitzeko aldea Alderdi Ederren
  • Kaiaren ingurua

Makineria eta zerbitzuak indartzea

Dispositiboak honako baliabide hauek izango ditu:

  • Kamioi biltzaileak
  • Anpliroll-sistema duten kamioiak
  • 8 eta 16 metro kubikoko zisternak
  • Espaloiak urez garbitzeko makinak
  • Galtzadak eta espaloiak ekortzeko makinak
  • Ibilgailu arinak, hidrogarbigailuak
  • Zorua garbitzeko makinak
  • Fatxadak eta pintadak garbitzeko furgoiak
  • Haize-makinak eta eskuz ekortzeko orgak

Honako lan hauek ere egingo dira: eskuzko baldeaketa eta baldeaketa mistoa, paperontziak hustea, hondakinak biltzea, presiopeko urarekin garbitzea, zoladurak garbitzea eta orbanen eta usain txarren tratamendu espezifikoa.

Taldeek goizez, arratsaldez eta gauez lan egingo dute, eta toki hauek zainduko dituzte bereziki: jende gehien biltzen dituzten tokiak, eta kontzertuak, jai-ekintzak edo ekitaldi jendetsuak egiten diren esparruak.

"Jaiez gozatzea, baina errespetuz"

Zerbitzuak indartzearekin batera, Udalak herritarrak kontzientziatzeko kanpaina berreskuratu eta indartuko du: "Jaiak gozatu, kalea errespetatu" 

Kanpainak gogoraraziko du paperontziak eta edukiontziak erabili behar direla, hondakinak behar bezala bota behar direla eta komun publikoak erabili behar direla. "Herritarrek Aste Nagusiaz, kontzertuez, suez eta ekitaldi guztiez gozatzea nahi dugu, baina betiere hiria eta hura garbitzen duten pertsonen lana errespetatuz", adierazi du Garcíak.

Zinegotziak gaineratu duenez, "Udalak aparteko ahalegina egingo du, langile gehiago, makineria gehiago eta bilketa-puntu gehiago jarrita, baina ez dago dispositibo bat ere gizabidea ordeztu dezakeenik. Donostia jaietan garbi mantentzea guztion zeregina da".  "Jaiez gozatzea eta hiria errespetatzea guztiz bateragarriak dira. Paperontzi bat edo komun publiko bat erabiltzea alde handia eragiten duten keinu txikiak dira ", amaitu du.