Udalak irisgarritasun-sarea handitu du auzoetan, Larratxon eta Antiguan egindako esku-hartzeekin

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Departamentuak Larratxo pasealekuko 26. zenbakiaren ingurua berritu du eta Erregezaintza kalean gaineko pasabide berri bat eraiki du

2026/08/10 argitaratua


Donostiako Udalak hiriko auzoetako irisgarritasun-sarea handituz jarraitzen du, kasu honetan, Larratxon eta Antiguan bi esku-hartze eginda. Biek batera 116.037 euroko inbertsioa dakarte.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zinegotzigoak sustatutako esku-hartzeen helburua arkitektura-oztopoak kentzea, zoladurak berritzea eta oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna hobetzea da, batez ere adinekoentzat, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat eta haur-orgak erabiltzen dituzten familientzat.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garcíak azpimarratu duenez, "lanean jarraitzen dugu Donostiako irisgarritasun-sarea handitzeko eta hobekuntzak pixkanaka hiriko auzo guztietara irits daitezen lortzeko". "Batzuen ustez, esku-hartze horiek txikiak dira, baina eragin zuzena dute pertsona askoren eguneroko bizitzan. Desnibel bat kentzeak, espaloi bat zabaltzeak edo oinezkoen pasabide bat hobetzeak aukera ematen dute gure auzoak seguruagoak, erosoagoak eta irisgarriagoak izateko", adierazi du zinegotziak.

Larratxo pasealekuko 26. zenbakiaren ingurua berritzea

Lanen barruan, espaloietako eta aparkatzeko guneetako zoladurak berritu dira, eta egungo hirigintza-oztopoak kendu eta hobetu dira. Horretarako, baldosa eta aglomeratuzko egungo zoladura altxatu eta eraitsi da, dauden harrizko zintarriak kendu eta berreskuratu dira eta espaloiaren eta galtzadaren oinarriak berritu dira. Ondoren, berreskuratutako zintarriak berriro jarri dira, hormigoizko areka berri bat eraiki da eta Donostia / motako zoladura berria jartzeko beharrezkoak diren zagor eta hormigoi geruzak zabaldu dira. Jarduera amaitzeko, seinale horizontalak berritu dira. 

Gaineko pasabide bat, Erregezaintza kalean

Hiri Mantentze eta Zerbitzuek gaineko pasabide bat egin du oinezkoentzat, irisgarritasuna hobetzen duena eta ibilgailuak abiadura murriztera behartzen dituena.Bestalde, plazatik gertuen dagoen espaloia zabaldu da, espaloi-belarri bat sortuz; horrela, gidarien eta oinezkoen arteko ikusgaitasuna hobetu da eta gurutzebidearen segurtasuna areagotu.