Bretxako ‘Nasara’ espazio berriak bertako produktuari balioa emango dio eta prestakuntza eta enplegu aukerak bultzatuko ditu

Obrak aurtengo udan hasiko dira, 6 hilabete iraungo dute eta 2,7 milioi euroko inbertsioa dute

2026/07/21 argitaratua

 

Donostia Sustapeneko Administrazio Kontseiluak “Nasara” egikaritzea onetsi du, Bretxako Arrandegia eraikineko lehen solairuan egongo den diziplina anitzeko espazio berria, merkatuarekin konektatua eta haren jarduera osatzeko pentsatua. Lanek 2,7 milioi euro inguruko inbertsioa izango dute, aurtengo udan hasiko dira eta sei hilabetean amaituko dira gutxi gorabehera.

Jarduera ekonomikoa bultzatzeaz haratago, dimentsio sozialak nabarmentzen du “Nasara”. Proiektuak prestakuntza eta inklusioa bultzatuko ditu, eta merkatuko lanbide tradizionalei lotutako prestakuntza ibilbideak eskaintzeko gune bilakatuko da. Horri esker, zailtasun handienak dituzten pertsonak lan merkatuarekin konektatzen lagunduko da.


“Nasara” lankidetzaren eta aukerak sortzearen aldeko apustua egiten duen espazio gisa pentsatua da, eta prestakuntzarekin eta enpleguarekin lotutako jarduerak hartuko ditu. Donostia Sustapenak garatuko ditu jarduera horiek, hiriko eragileekin elkarlanean. Bretxako proiektuak, horrenbestez, sendotu egingo du bere dimentsio soziala, eta merkatuko jarduera komertzialetik haratago doan erreferentziazko gune bihurtuko da.

Pertsonak, merkatua eta aukerak konektatzen dituen espazioa


“Nasara” merkatuaren zerbitzura diharduen espazio berri gisa ulertzen da, eta haren eguneroko jarduerarekin konektatzen du. Horretarako, jarduera hauek programatuko ditu:

  • SUKALDEA eskola jatetxea, merkatuaren zerbitzura. Prestakuntzari, enplegu inklusiboari eta tokiko produktuen sustapenari lotutako proiektua da, laneratzeko aukerak sortzeko eta merkatuaren jarduera dinamizatzeko tresna gisa sortua. Tokiko eta sasoiko gastronomian oinarritutako sukaldaritza baten bidez, handizkarien eta baserritarren beraien produktuak balioan jarriko ditu, herritarrengana hurbilduz. Eskola-jatetxeak merkatu-ordutegian funtzionatuko du, eta merkatariei, langileei eta herritarrei emango die zerbitzua, Europako merkatu gehienetan dagoen jarduera-ereduari jarraituz. Kasu honetan, gainera, sukaldaritzaren arloko prestakuntza- eta laneratze-ibilbideak eskaintzen dira, enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei zuzenduak, laneratze-enpresekin eta beste eragile espezializatu batzuekin lankidetzan, UBAko aterpetxe-eskola bezalako udal-proiektuetan garatutako esperientziari jarraituz.
  • Prestakuntza eta enplegua. Lanbide eta profil profesionaletan trebatzeko jarduerak eskeiniko ditu Nasara, bai eta kontsumo arduratsuari eta bertako produktuari buruzko sentsibilizazio eta dibulgazio jarduerak ere, ikasle eta gazteei zuzenduak. Auzoari eta herritarrei irekitako esperientziak ere hartuko ditu, hala nola produktu dastatzeak edo tailerrak.
  • Bertako produktua eta merkatuko jarduera sustatzea, zabaltzea eta gizarteratzea, eta, horretarako, jarduerak, topaketak eta ekitaldiak antolatzea. Ekoizleei eta handizkariei balioa ematera eta espazio enblematiko horren eta herritarren arteko lotura sendotzera bideratutako programazioa.
  • Ondarea eta tradizioa komunikatzea, eta, horretarako, ikus-entzunezko edukiak sortzea, hala nola podcastak eta beste formatu digital batzuk, zeinak lagungarriak izango baitira merkatuaren jarduera zabaltzeko, memoria gordetzeko eta merkatuaren historia hedatzeko.

Eta, hori guztia lortzeko, kudeaketa eredu jakin baten alde egingo da, zeinaren xedea izango baita ustiapen profesional eta jasangarria uztartzea, bokazio sozialarekin, prestakuntzarekin eta komunitateari zabaldutako ikuspegiarekin.