Udalak 'KAKA ZAHARRA!' kanpaina abiarazi du, txakur-gorotzak kalean uztearen aurka
Egunean 3.000 gorotz inguru jaso gabe geratzen dira; hori dela-eta, 85 kartel jarriko dira eta zaintza indartuko da
2026/10/15 argitaratua
Donostiako Udalak 'KAKA ZAHARRA! Kalea guztiona da, zure txakurraren kakak, berriz, ez' izeneko kanpaina jarri du martxan. Txakur-jabeen erantzukizuna sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat da.
Honela, esparru publikoa zaintzeko eta errespetatzeko kultura indartu nahi da, bai eta gogorarazi ere banakako keinu txikiek zuzeneko ondorioak dituztela ongizate kolektiboan.
Txakur-jabe gehienek arduraz jokatzen badute ere, oraindik ere gizalegearen kontrako jokabideak daude, zuzenean eragiten dietenak hiriaren garbitasunari, osasun publikoari, bizikidetzari eta gure berdeguneen mantentzeari.
Egunero 3.000 txakur-gorotz inguru jaso gabe gelditzen dira gure hirian.
Ekintza bat Alderdi Ederren eta kartelak nonahi
Kanpaina abiarazteko, formatu handiko elementu puzgarri bat jarri da Alderdiederren, hiriko auzo guztietara eramango dugun sentsibilizazio-ekintza ibiltariaren ardatza izango dena.
Esan bezala, lehenengo geldialdia, Alderdiederrekoa izan da, gaur (urriak 15). Bi euskarri grafiko izan ditu ondoan, kanpainaren mezua indartzeko eta ekimena ikusarazteko. Gainera, informazio-liburuxkak banatu dira, gomendioak eta udal araudiak biltzen dituztenak, maskotak dituztenek erantzukizunez jokatu dezaten eta toki publikoetan bizikidetza hobetu dadin.
Ekintza horrekin batera, triptiko elebidunak banatuko dira, bizikidetza hobetzeko, osasun publikoa babesteko eta hiria garbi mantentzeko sei gomendio praktiko emango dituztenak:
- gorozkiak beti jasotzea
- lurzorua eta ura babestea
- pertsona kalteberenak zaintzea
- animaliak zaintzea
- animaliak jasotzeko poltsak eramatea
- besteentzako eredu izatea, arduraz jokatuz
Triptikoak gogorarazten du gorotzak ondo itxitako poltsa batean utzi behar direla, zakarrontzi batean edo errefusaren edukiontzian, eta ez lurrean, zuhaitzetan edo hesietan.
Gainera, Parke eta Lorategien Sailak 85 sentsibilizazio-kartel jarriko ditu auzo guztietako parke, lorategi eta berdeguneetan, batez ere gorotz gehien dauden tokietan. Kanpaina eta ekintza horiekin batera, zaintza areagotuko da portaera horiek gehiago egiten diren tokietan, udal zerbitzuen arabera.
Ordenantzan jasotako betebeharra
Udalak gogorarazi du gorotzak jasotzea ez dela soilik gizalegearen kontu bat, betebehar bat baizik. Gizabideari buruzko Udal Ordenantzaren 29. artikuluak ezartzen duenez, saihestu egin behar da txakurrek haur-parkeetan, pasealekuetan, lorategietan eta beste toki publiko batzuetan gorotzak uztea, eta, uzten badituzte, berehala jaso behar dira.
Iñigo García Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Ingurumeneko zinegotziak azaldu duenez, "egunero 3.000 txakur-gorotz inguru jaso gabe gelditzen dira gure hirian. Hortaz, 3.000 arrazoi ditugu, egunean, esku hartzeko. Egoera hori ezin dugu normalizatu, eta ezin dugu onartu gutxi batzuen erantzukizunik ezak herritar guztiei kalte egitea".