5.000 ikasle baino gehiagok eskola-kiroleko lehiaketak hasiko dituzte asteburu honetan Donostian

2024-10-17

 

Larunbatean, urriak 19, hasiko dira Donostiako Eskola Kiroleko Jardueren Programaren barruko lehiaketa-jarduerak, Donostia Kirolak koordinatuta.

IƱaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziaren hitzetan, "hiriak kirolaren eta jarduera fisikoaren inguruan gazteenen artean garatzen duen jarduera handienetako bat da. 2024-2025 ikasturtean, parte-hartzea 5.000 ikasletik gorakoa da, benjamin eta alebin kategorien artean. Horrek esan nahi du Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailen artean matrikulatutako ikasleen % 70ek baino gehiagok parte hartzen duela antolatzen diren lehiaketetako batean. Eta datu garrantzitsu bat: emakumeen parte-hartzea guztizkoaren % 42 da. "

Kategoria horietako ikasleek kirolanitza lehiaketa-egutegi batean parte hartzen dute, bi eredu desberdinekin. Alde batetik, hiruhileko bakoitzean kirol-modalitate desberdina egiten dutenak; eta, bestetik, ikasturte osoan kirol-modalitate desberdinak astebururo txandakatzen dituen egutegia aukeratu duten ikastetxeak.

Ikastetxeek, Donostia Kirolarekin batera, kirol-modalitateak, zein ordenatan egingo diren, erabiliko diren instalazioak eta jarduera horien kontrol teknikoan lagunduko duten klubak erabakitzen dituzte.
Bi kategorietako taldeen kopurua milara hurbiltzen da, besteak beste, futbola-6, saskibaloia 3x3, areto futbola, futbola-8, eskubaloia, hockeya, errugbya, miniboley eta pelota; gainera, igeriketa, atletismo, triatloi edo txikizumba jardunaldiak ere antolatu dira

Alebin kategoriako egutegia

Alebin kategorian, ikasturtean zehar gutxienez bi kirol-modalitate kolektibo praktikatzeko aukera ematen zaie ikasle guztiei. Aurten 400 taldek eman dute izena, eta saskibaloia eta futbola dira gehien eskatzen diren kirol-modalitateak. Jarraian, hockeya eta eskubaloia daude.
Futbola da mutilen artean aukera nagusia, nahiz eta izena eman duten taldeen % 25 inguru emakumezkoak izan. Nesken artean saskibaloia da Donostian gehien erabiltzen den jarduera.

Beste jarduera batzuk
Donostiako Eskola Kirolaren Programak lehiaketa-jarduerak ez ezik, sustapen-jarduera ugari ere jasotzen ditu (igeriketa kanpaina, UDA kanpaina, izotz gaineko irristaketa, etab.).

"Ama, Aita, jolastu nahi dut" sentsibilizazio-kanpaina
Donostia Kirolak sentsibilizazio-kanpainari eutsiko dio aurten, ikasleen gurasoei Donostiako eskola-kiroleko programaren ezaugarrien eta helburuen berri emateko, eta eskola-kiroleko lehiaketetan jarrera egokiak izatearen garrantziaz kontzientziatzeko, hezkuntza-funtzioa indartzeko.

Sentsibilizazio-kanpaina honetan, haurrak eurak dira gurasoengana jotzen dutenak eskola-kiroleko benetako protagonistak haurrak direla esateko, eta eskerrak emateko ("Ama, aita, eskerrik asko") presiorik gabe jolasten uzteagatik jarduera horietaz gozatzeko.

KIROLEKO INDARKERIAREN AURREAN HAURRAK ETA NERABEAK BABESTEKO PROTOKOLOA
Donostia Kirolak onartutako protokolo honen helburua (ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean oso-osoan babesteari buruzkoan, xedatutakoa oinarri hartuta) haur eta nerabeentzako ingurune seguru bat sortzea da, Donostian jarduera fisikoa eta kirol-jarduera egiteko, modu egokian garatu ahal izan daitezen, bai kirolariak bai pertsonak. Azken batean, adingabeen osotasun fisikoa, psikikoa eta morala babestea eta zaintzea edozein indarkeria motaren aurrean.

Protokolo hau udaleko kirol-instalazio guztietan eta horietan antolatutako jardueretan aplikatzen da, dela Donostia Kirolak zuzenean, dela beste erakunde batzuek (klubak, ikastetxeak, etab.) antolatutako jardueretan.
Udaleko kirol-instalazio bakoitzak babes-ordezkari bat du, Donostia Kirolak izendatua, eta bera izango da babes-estrategia osoa gidatu eta kudeatuko duena, bai eta erreferente ere, instalazio horien eremuan adingabeei gerta dakiekeen indarkeria-kasu baten berri eman nahi duten pertsona guztientzat.

Legean ezarritakoaren arabera, haurren eta nerabeen aurkako indarkeriatzat hartuko dira, besteak beste, tratu txar fisikoak, psikologikoak edo emozionalak, eskola-jazarpena, ziberjazarpena edo sexu-jazarpena, datu pribatuen zabalkunde publikoa, edo zigor fisikoak, umiliagarriak edo iraingarriak.

Ildo horretan, online komunikazio-kanal bat jarri da martxan, informazio horiek guztiak aurkezteko, baita modu anonimoan ere. Eragindako indarkeria-egoeraren bat edo horren zantzuren bat antzeman edo jasaten duen edonork egoeraren berri eman beharko du, bai komunikazio-bide honen bidez, bai instalazio bakoitzeko babes-ordezkariarekin harremanetan jarriz. Informazio-kanal horretara www.donostiakirola.eus webgunetik edo kirol-instalazioetako hainbat gunetan jarrita dauden QR kodeen bidez sartu ahal izango da

Aktualitatea