Albisteak
Casanaoko gimnasioa maiatzaren 2an irekiko da berriro, Judo Club SS-k kudeatuta
2022-05-02
Kirol Txartelaren abonatuek fitness aretoa erabiltzen jarraitu ahal izango dute eta arte martzialekin eta dantzarekin lotutako jardueren eskaintza egongo da
Casanaoko gimnasioa maiatzaren 2an, astelehena, irekiko da berriro Judo Club SS kirol klubaren kudeaketarekin eta bere kirol-espazioetan egokitzapen batzuk egin ondoren, kirol-instalazio honetan prestatu den jarduera-eskaintza berrira egokitzeko.
Egindako aldaketa nagusiak honako hauek dira: tatamiak instalatzea eta gimnasioetako elementu batzuk hainbat aretotan berrantolatzea (eremu kardiobaskularra jarduera-geletako batera mugitu da, eta muskulazio- eta funtzio-eremua hasierako kokapenean mantendu da, eta gela horretan tatami bat ere jarri da.
Aldaketa horiei esker, kudeatzaile berriak askotariko eskaintza egin ahal izango du arte martzialen eta dantzaren modalitateetan, eta Donostia Kirolak Altzako Kiroldegi berrian programatu dituen jardueren kirol-eskaintza osatuko du. Zehazki, Judo, Borroka Libre Olinpikoa, Brazilian Jiu-Jitsu, Aero Box, Defense Training eta Kick Boxing bezalako jarduerak egin ahal izango dira, egokitzapen fisiko gidatuko jarduerak egongo dira, baita dantza modalitate ezberdinak ere, hala nola dantza modernoa, balleta, hip-hopa, gimnasia akrobatikoa, etab. Izen-emateak instalazio berean edo www.judoclubss.com web orriaren bidez egin daitezke.
Kirol txartelaren abonatuek gimnasioa baldintza berberetan erabiltzen jarraitu ahal izango dute eta, gainera, Judo Club SSak antolatutako jardueretan deskontuak izango dituzte. Astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara egongo da martxan.
Aktualitatea
Aktualitatea