Albisteak
Dispositibo berezia Real Sociedad eta Ajax futbol taldeen arteko partida dela eta
2024-11-26
Garraio publikoa erabiltzea, estadiora denboraz joatea eta ostegunean arratsaldean zehar egin beharreko joan-etorriak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen da
Donostiako Udalak, Real Sociedadek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun dispositibo berezia koordinatu dute Reala eta Ajax futbol taldeek hilaren 28an, ostegunean, 21:00etan Anoetako Estadioan (Reale Arena) jokatuko duten partida dela-eta.
Partidak nazioarteko izaera du eta horrek milaka zale erakarriko ditu, besteak beste, Herbeeretatik iritsitako ia 2.000 zale. Hori dela-eta, dispositibo berezia antolatu da, hain zuzen ere, Amara Berri auzoko eta Anoeta inguruko trafikoari eragingo dion dispositiboa.
Horiek horrela, Ertzaintza, Udaltzaingoak, Donostiako Udalak eta Real Sociedadek hainbat neurri hartu dituzte ostegunean arratsaldean Anoeta inguruko sarrera-irteeretako segurtasuna bermatzeko.
Horren harian, udalaren eta segurtasun dispositiboaren arduradunek dei egin dute garraio publikoa erabiltzera eta ibilgailu pribatua ez erabiltzera estadio ingurura hurbiltzeko, izan ere, une batzuetan hainbat trafiko mozketa egin daitezke, besteak beste, estadiora taldeetako autobusen edo kanpoko zaleen iritsiera direla-eta.
Trafiko mozketak 18:00etatik aurrera
Hortz, 18:00etatik aurrera trafikoa eten ahal izango da Urumea pasealekuan, Madrilgo hiribidean (Pio XIItik aurrera), Errondo pasealekuan (Portutxo plazatik aurrera) eta Zorroaga pasealekuan (Toribio Alzaga eta Aita Donostiaren artean).
Era berean, arratsaldeko lehenengo ordutik ezingo da ibilgailu pribatuan Anoeta barrura sartu. Beraz, estadioaren inguruko kirol instalazioaetara (Izotz Jauregia, Karmelo Balda, Paco Yoldi, Antonio Elorza Belodromoa edo Josean Gasca kiroldegia) jardueraren bat egitera joan nahi dutenei ahalkoatzen zaie oinez edo garraio publikoan joatea. Baldin eta ibilgailu pribatuan joan nahi badute, Illunbe ingurura bideratuak izango dira eta bertan aparkatu beharko dute, ondoren GI-20 zeharkatzen duen oinezkoen pasabidetik Anoetako kirol eremura sartu ahal izango dira. Bestalde, Ernest Lluch Kultur Etxea arratsaldez itxita egongo da.
Amara Berriko auzotarrak
Anoetako Estadioan (Reale Arena) Realak partidak jokatzen dituen gainerako egunetan bezala, 5-1 Amara sektoreko TAO baimena duten egoiliarrek, azaroaren 27tik 29ra, biak barne, libreki aparkatu ahal izango dituzte haien ibilgailuak 1-2 Erdialdea, 1-5 Morlans, 5-2 Loiolako Erriberak eta 5-3 Loiola sektoreetan. Sektore horietan, TAOko titularrei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatuko zaizkie.
Hala ere, egoiliar horiek ezin izango dute doan aparkatu nahitaezko ordainketa eremuetan (15 eremuetan), ezarritako erregulazio ordutegiaren barruan.
Dena dela, segurtasun arduradunek partidara joango diren zaleei eskatu diete, estadio ingurura ibilgailu pribatuarekin ez gerturatzeko, GI-20 eta GI-40 bezalako ordezko bideak erabiltzeko eta egingo diren joan-etorriak denborarekin planifikatzeko.
Beste neurri batzuk
Gainera, egun osoan zehar Ertzaintzak eta Udaltzaingoak euren presentzia areagotuko dute hirian eguneroko ohiko jardueren eta partida aurretiko giroaren arteko bizikidetza bermatzeko.
Era berean, gogorarazi dute kirolaren bortizkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta tolerantzia ezaren aurkako Legeak kirol-instalazioetan edo inguruetan bengalak eramatea edota erabiltzea debekatzen duela, eta bide publikoan erabiltzeak ere Hiri Segurtasuna Babesteko Legea erabilita zigortu daitekeela, betiere baldin eta arau-hauste penalik ez badago.
Aktualitatea
Aktualitatea