Donosti Cup Topagunea Alderdi Ederren, Donostia Kirola eta Donostia Cup-en ekimen berria aurten

2024-06-28

 

Donosti Cup eta Donostia Kirolak indarrak batu dituzte txapelketaren edizio honetan, Alderdi Ederren proiektu berri bat estreinatzeko: Donosti Cup Topagunea. Uztailaren 2tik 7ra bitartean, gune honek publikoari irekitako hainbat jarduera eskainiko ditu, ikuspegi ludiko eta parte-hartzailearekin eta Donosti Cup-en esperientzia berezia eta balioak donostiarrei hurbiltzeko helburuarekin.

Horrela, Donostia Kirolak gure hiriko kirol-ekitaldi garrantzitsuenetako bati ematen dion babesa indartzen du, eta kirola aniztasuna, inklusioa eta berdintasuna bezalako balioak elkartzeko eta sustatzeko fenomeno soziala dela sinetsita dago.

Donosti Cup Topagunea soropil handi bat da, eta sei metroko diametroa duen lur-globo bat du buru, Donosti Cupen irismen globala sinbolizatzen duena. Gune deigarri honek Kontxako badiara begira dagoen photocall handi bat, txapelketan emakumeek duten presentziari buruzko erakusketa bat eta futboleko botak elkartasunez jasotzeko gune bat ere baditu, baita astean zehar, 11:30etik 20:00etara, egingo diren jardueren elementu batzuk ere.

Hauek dira Donosti Cup Topagunean gozatu ahal izango diren jarduerak:

  • Zure golik onena

Erabiltzen ez diren futboleko botak biltzeko ekintza solidarioa, Gazako talde bati emango zaiona. Edozein pertsona dago parte hartzera gonbidatuta. Botak ematen dituzten pertsonek bizitako unerik onena beraiekin partekatzeko aukera izango dute, Gazako taldearentzako bideo berezi bat sortuz.

  • Donosti Cup in the World

Mosaiko interaktibo bat, photocallera hurbiltzen diren talde parte-hartzaile eta bisitari guztiek momentuan ateratako argazkiekin osatuko dena. Photocall-a osatzen duen harmailak Kontxako badiaren ikuspegi ikusgarriak ditu atzeko oihal gisa. Mosaiko honek dagoeneko txapelketaren parte diren donostiar, jokalari, entrenatzaile eta gainerako bisitarien irudia jasoko du, oroitzapen ahaztezin bat sortzeko.

  • Donosti Cupeko argazkien erakusketa iraunkorra

Argazki erakusketa honek txapelketaren balioak nabarmenduko ditu irudien bidez. Argazkiak bereziki horretarako diseinatutako euskarri batean egongo dira ikusgai.

  • Freestyle erakustaldia Javi Sanzekin

Uztailaren 2an, asteartean, 12:00etan, Donosti Cup Topagunearen inaugurazioa Javi Sanz freestyler eta Espainiako txapeldunarekin. Txapeldunen Ligan, Eurokopan edo Munduko Kopan aritu da. Sanzek Saharako taldeari Joma markako zango-babesak eta botak oparituko dizko Donosti Cup txapelketan parte hartu izana eskertzeko.

  • Hiriko ukitu errekorraren bila gabiltza!

Javi Sanz freestylerrak irekiko du erronka hau, kirolari nabarmenen parte-hartzearekin. Adin mugarik gabe, publiko guztia gonbidatuta dago parte hartzera. Larunbatean 12:00etan jakinaraziko da zein den txapelduna, eta sari gisa Jomak diseinatutako txapelketako elementuen pack esklusibo bat jasoko du: baloi ofiziala, kamiseta bat eta bota batzuk.

  • VOON: doitasun-jarduerak

Bertaratzen direnek jokalari profesionalek beren entrenamenduetan sentitzen dutena esperimentatu ahal izango dute VOON teknologia aurreratuaren doitasun ariketei esker.

  • Trebetasun-zirkuitua

Aste osoan zehar hainbat trebetasun joko izango dira, parte-hartzaileek beren trebetasuna proba dezaten.

  • Txapelketaren garaikurren eta baloiaren erakusketa

Edizio honetan, Donosti Cup-ek diseinu esklusiboko trofeoak, baloia eta botak estreinatuko ditu Joma-ren eskutik, eta Donosti Cup Topagunean ikusi ahal izango dira.

Aktualitatea