Donostia Kirolak udako igerilekuen denboraldiaren balantze positiboa egin du

2020-09-23

Donostiako kanpoko igerilekuetako udako denboraldia irailaren 13an, igandean, amaitu zen, Etxadi eta Intxaurrondoko igerilekuak itxi zirenean. Donostia Kirolak oso balantze positiboa egin du udako denboraldi honetan; izan ere, nahiz eta Covid19k gaur egun eragin duen egoera eta ohikoa baino astebete geroago hasi, kanpoko igerilekuek 79.857 sarrera izan dituzte ekainaren 22tik irailaren 13ra, 2019ko 95.719 sarrerek baino %16 gutxiago. Datuak, batez beste, egunean 950 sarrera dira bi igerilekuetara.

Kanpoko bi igerilekuek, Etxadik eta Intxaurrondok, ia sarbide kopuru bera izan dute uda honetan: 40.000 sarrera bakoitzak. 2019ko datuekin alderatuz gero, Etxadik antzeko sarbide-kopurua erregistratu duela ikus daiteke (40.553 2019an eta 40.122 2020an); Intxaurrondon, aldiz, sarrerak %28 jaitsi dira (55.166 2019an eta 39.753 2020an).

Interesgarria da, halaber, udako hiru hilabeteetan sarbideek izan duten bilakaera aztertzea, udan aurrera egin ahala indarberritzen baitira. Ekainean (astebete gutxiago irekita), %60 gutxiago okupatu zen; uztailean, %12 jaitsi zen; abuztuan, %8,5; eta irailean, iaz baino %17 gehiago.

Donostia Kirolak azpimarratu nahi du ondo funtzionatu duela instalazio horietan abian jarritako COVID19 prebentzio-protokolo zorrotzak (edukiera-murrizketa, segurtasun-distantzia solarium-eremuetan, higiene-neurriak, edukiera neurtzeko denbora errealeko informazioa…), eta erabiltzaileen laguntzak eta instalazioetako langileek egindako informazio eta kontrol-lan garrantzitsuak, udako igerilekuak eremu seguruak izatea lagundu baitute.

Aktualitatea