Donostia prest da 3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB txapelketari hasiera emateko

2026-09-08

 

Datorren irailaren 20an, igandea, Donostiako Ulia mendiak hartuko du 3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB txapelketaren lehen proba, Euskal Herriko hiru hiriburuak zeharkatuko dituen mendiko bizikletako emakumezkoen liga berria.

Emakumezkoen pilotako 3 Hiriburuak txapelketa arrakastatsuan inspiratuta, Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin eta Euskal Herriko hiru hiriburuen babesarekin sortu da 3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB.

Txapelketaren estreinaldia gero eta gertuago dago, eta azken asteetan sartu da. Estatuko hainbat autonomia-erkidegotatik etorritako 15 taldek eman dute izena dagoeneko. Parte-hartzea %100ean diruz lagunduta dago, erakunde sustatzaileen eta Laboral Kutxaren babesari esker, eta izena emateko epea datorren irailaren 14ra arte egongo da zabalik.

Donostiako hitzordua, estrategia eta talde-lana uztartzen dituen lehiaketaren lehen atala izango da. Parte-hartzaileek 3 edo 4 txirrindulariz osatutako taldeetan lehiatuko dira, eta txandaka arituko dira hiru orduan ahalik eta itzuli gehien osatzeko.

Donostian prestatutako zirkuitua Ulia mendian egingo da, eta gutxi gorabehera 3 kilometroko luzera izango du. Mendiko bizikletaren esentziari eutsiko dio, eta maila desberdinetako parte-hartzaileentzat eskuragarria izango den kirol-erronka eskainiko du. Hain zuzen ere, 3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTBren erakargarritasunetako bat da esperientzia- eta sasoi-maila desberdinak dituzten txirrindulariak talde berean elkartzeko aukera ematen duela.

Estrategiak, beraz, funtsezko zeregina izango du: talde bakoitzak erabaki beharko du nor sartzen den lasterketan eta noiz egiten den txanda bakoitza, erritmoari eutsi eta ahalik eta itzuli gehien pilatzeko helburuarekin. Emaitza baliozkoa izan dadin, talde bakoitzeko gutxienez hiru kidek itzuli bat osatu beharko dute.

Donostiako probak, horrela, liga bati emango dio hasiera. Irailaren 27an jarraituko du Gasteizen, Armentiako Basoan, eta urriaren 12an amaituko da Bilbon, Avril-Artxanda mendiaren inguruan.

3 Hiriburuak Laboral Kutxa MTB emakumeek mendiko txirrindularitzan parte hartzea sustatzeko eta formatu desberdin bat eskaintzeko helburuarekin sortu da, lizentzia federatua duten zein federatu gabe dauden txirrindulariei irekita. Donostia izango da lehen geltokia. Ulia, lehen agertokia. Hiru ordu, hiru edo lau taldekide eta helburu bakarra: ahalik eta itzuli gehien ematea.

Euskal Herriko hiru hiriburuen liga hastear da.

Informazio gehiago

Aktualitatea