Donostiak Hiru Hiriburuak 2026 pilota txapelketaren finalerdiak hartuko ditu igande honetan

2026-09-30

 

Urriaren 4an, igandean, Atano III pilotalekuan jokatuko dira emakumezkoen esku-pilotako txapelketaren hiru kategorietako finalerdiak

Hiru Hiriburuak 2026 txapelketak aurrera jarraituko du igande honetan Donostian. Urriaren 4an, Atano III pilotalekua emakumezkoen esku-pilotaren topagune bihurtuko da, txapelketako hiru kategorietako finalerdiak bertan jokatuko baitira: elite, promesa eta gazte mailak.

Vitoria-Gasteizen irailaren 20an jokatutako lehen jardunaldiaren ondoren, txapelketak bere bigarren geltokia izango du orain Donostian. Lehen hitzorduan 80 pilotarik hartu zuten parte eta 44 partida jokatu ziren, emakumezkoen pilotaren parte-hartze eta lehiakortasun maila agerian utziz.

Igandeko jardunaldian, gainera, txapelaren bila ari diren bikoteek finalerako txartela izango dute jokoan. Elite mailan, Ibarrola-Ozaeta eta Benito-Aldai izango dira aurrez aurre, eta beste finalerdian Sagardui-Bergara eta Etxegarai-Capellán neurtuko dira.

Gazteen mailan, finalerdietan Ainere Aspiazu-Intza Agirre eta Laiene Sandia-Elene Goikoetxea, batetik, eta Intza Labaka-Izaro Aizpurua eta Eider Pérez-Malen González, bestetik, arituko dira.

Promesa mailan, berriz, Intza Arruti-Dunixe Alberto eta Martínez I-Martínez II izango dira aurrez aurre; beste finalerdian, Lur Egizabal-June Berasaluze eta Arhane Rey-Nahia Sorondo.

Donostiako jardunaldiak, beraz, finalerako azken urratsa ekarriko du. Pilotalekuan izango dira txapelketako pilotari gazte zein beteranoak, emakumezkoen esku-pilotaren etorkizuna eta oraina erakutsiz.

Gainera, aurtengo Hiru Hiriburuak edizioak une berezi bat utzi du dagoeneko: Leire Garai pilotari gasteiztarrak lehiaketara itzuli zen Vitoria-Gasteizko lehen jardunaldian, bi urte eta erdi kantxetatik kanpo egon ondoren.

Orain, protagonismoa Donostiari dagokio.

Hiru Hiriburuak txapelketa Donostia Kirolak antolatzen du, Bilbo eta Gasteizeko udalekin bat, emakumezkoen esku-pilotari bultzada emateko eta frontoiak emakumezkoen pilotaren erakusleiho bihurtzeko.


Urriaren 4an, igandean, Atano IIIra joateko hitzordua dago, sarrera dohainik dela. Emakumezkoen esku-pilotako goi mailako lehia, finalerako txartelak jokoan eta pilotaren festa izango dira Donostian.

Hiru Hiriburuak 2026 finalerdiak: Urriak 4, igandea 10:30 · Atano III pilotalekua · Donostia.

Aktualitatea