Albisteak
Donostian, maiatzaren 18tik ekainaren 15era bitartean, zesta-puntako Grand Slama egingo da, eta baita lehen aldiz, emakumezkoen serie-masterra ere
2024-05-15
Donostiak zesta puntako grand slama hartuko du maiatzaren 18tik ekainaren 15era bitartean, Gipuzkoako hiriburuan munduko puntistarik onenak bilduko dituen ekitaldia. Gainera, aurten lehen aldiz, emakumezkoen serieen masterra egingo da ekainaren 1, 8 eta 15ean.
Zesta-punta jaialdia asteazken honetan aurkeztu da Donostian, Mikel Egiguren Jai Alaiko arduradunak, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak eta Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatuak parte hartu duten prentsaurrekoan.
Egigurenek azaldu duenez, hamabi puntista lehiatuko dira txapela eskuratzeko. A taldea Erik-Atain, Hogei-Ekhi eta Basterra-Laborde bikoteek osatuko dute, eta B multzoa, berriz, Goitia-Ibarluzea, Bixente-Oyhenard eta Celaya-Bailo bikoteek. Ligaxka ekainaren 18tik 1era bitartean jokatuko da, eta finalerdiak 8an eta finala 15ean.
Bestalde, Erika-Oaia, Ahart-Frida, Maite-Naroa eta Elaia-Arai puntistek emakumezkoen lehen masterra jokatuko dute. Lehenengo finalerdia ekainaren 1ean izango da eta bigarrena 8an. Finala ekainaren 15ean jokatuko da.
Partida guztiak 18: 00etan hasiko dira Donostiako Carmelo Balda frontoian eta sarrerak web orrian eros daitezke, www.jaialive.eus, baita pilotalekuko leihatilan bertan ere.
“Asko pozten gaitu gaur hemen Gipuzkoako Foru Aldundian egoteak San Sebastian Grand Slam 2024 aurkezten. Eskerrak eman nahi dizkiegu Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu diputatu Azahara Dominguezi eta Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Iñaki Gabaraini. Zesta-punta inoiz baino indartsuago dator mutilen Grand Slam-arekin, beti bezala, baina aurten berrikuntza da nesken Masters Series bat egingo dugula. Kantxa barruan bermatuta dago ikuskizuna”, adierazi du Egigurenek.
Bestalde, Donostiako Udaleko Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek nabarmendu du “Donostia Kirolaren lehentasunen artean dagoela hirian pilota bultzatzea. Horren erakusgarri da, adibidez, denboraldi honetan Atano III.ean jokatuko diren esku-pilota partiden kopurua eta erakargarritasuna handitu izana, Manomanistako finalerdia bezala, igande honetan, maiatzaren 19an jokatuko dena.
Donostian pilota bultzatzeko plan horren barruan, emakumeen pilota sustatzea helburu estrategikoa da. Horregatik, Donostia Kirolak zesta-puntako emakumezkoen Masters Series bat jarri du abian, gizonezkoen Grand Slamaren paraleloan.”
Azkenik, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek adierazi du “bere departamentutik pozik daudela gure kultura eta tradizioari balioa ematen dioten eta, beraz, gure eskaintza turistikoari balio erantsia ematen dioten horrelako ekimenekin lankidetzan aritzeaz, gure inguruko beste lurralde batzuetatik bereiziz. Eta ez hori bakarrik, txapelketa honek lurraldeak eskaintzen dituen jarduera turistikoen eskaintza zabaltzen laguntzen du eta, gainera, sasoiz kanpo egiten du, nire departamendutik lortu nahi dugun jarduera turistikoa urtarokotasunetik kanpo jartzen lagunduz.”
Aktualitatea
Aktualitatea