Albisteak
Hiru hiriburu, bi ezusteko atsegin eta gero eta garrantzi handiagoko txapelketa bat
2026-09-16
Udako torneo eta jaialdi pilaketen ostean, Emakume Master Cup zirkuitua serio jarriko da denboraldi berri bati ekiteko eta Euskadiko hiru hiriburuek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Hiru Hiriburuak txapelketak emango dio hasiera kurtso berriari. Gasteizek emango dio hasiera denboraldi berriari, eta gero Donostiak eta Bilbok ere beste beste urte betez bat egingo dute denboraldiko txapelketarik trinkoena jasotzeko, irailaren 20an Beti Jai pilotalekuetan eskuzko maratoi batekin hasi, Atano III.a historikoan urriaren 4an finalerdiak jokatu eta urriaren 11an Bizkaia pilotalekuan finalak jokatzeko. Finalak, ohi bezala, ETB1 eta ETB On-en zuzenean eskainiko dira.
Beste behin, Emakume Master Cup zirkuituak hasieratik izan dituen printzipioei leial, txapelketa hau erabat irekia izan da, hau da, parte hartu nahi duten emakume guztiek izan dute izena emateko aukera. Aukera hori zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den plaza bat izan dezan, txapelketa hiru maila desberdinetan banatuko da; hirurak pilota mistoarekin; gazteak, promesak eta eliteak.
Elite mailari dagokionean, Hiru Hiriburuak txapelketa bi berritasun nagusirekin dator. Hasteko, Amaia Aldaik atzelari postuan jokatuko du. Dimoztarra gizonezkoetan Mikel Urrutikoetxeak eginiko balentria errepikatzen saiatuko da aurreko koadroetatik atzekoetara mugituz, Irati Benitorekin bikote berritzaile batean. Zornotzar gaztea lehen mailako txapelketetan bere lekua egiten ari den aurrelari bizia da eta primerako amandre bat izango du Amaia Aldaiengan.
Are pozgarriagoa egiten zaigu bigarren berrikuntza, Hiru Hiriburuak txapelketa honek Leire Garai berriz ere kantxetan ikusteko aukera emango baitigu. Belauneko lesio larri baten erruz, aurrelari gasteiztar saiatuak bi urte eman ditu zuriz jantzita eta berragerpeneko lehiaketa izango da honakoa, non eta horrenbeste ordu eman dituen Mendizorrotzako pilotalekuetan. Itzulera honetan, berme osoko bizkartzain bat izango du arabarrak, Itsaso Erasun.
Denera elite mailan, zortzi bikote lehiatuko dira; Benito-Aldai, Salsamendi-Bertiz, Ibarrola-Oses, Garai-Erasun, Zabaleta-Mendizabal, Etxegarai-Capellan, Arrizabalaga-Zabala, y Sagardui-Bergara, printzipioz, irekia aurreikusten den lehiaketan.
Aktualitatea
Aktualitatea