Albisteak
Igande honetan, Atano III.ean, LABORAL KUTXA Udako Masterraren finala, emakumezko pilotari onenekin
2024-09-18
Zeluloideko izarrek Donostiako txoko guztiak beteko dituzten asteburu berezi honetan, kantxetako artistek ere izango dute tokirik, Atano III.a historikoan jokatuko diren Udako Master LABORAL KUTXA txapelketako finalarekin. Primerako ikuskizuna eskaini dute Emakume Master Cup zirkuituko pilotariek udan zehar Euskal Herriko txoko desberdinetan eta gehien nabarmendu diren bi bikoteak Etxegarai-Gaminde eta Arrizabalaga-Bergarak merezi duen amaiera jarri nahi diote igande honetan indarberrituta itzuli den abentura eder honi. Festibala eguerdiko 12.00etan hasiko da eta ETB-k zuzenean eskainiko du, bere lehen katean zein web atarian.
Eszenografiari dagokionean, nekez aurki genezake finala jasotzeko leku ederragorik. Pilotaren historian txoko berezi bat duen pilotalekua da Atano III.a eta azkenaldian izan duen eraberritze ikusgarriarekin inoiz baino ederragoa agertzen da Anoetako pilotalekua. Protagonistei dagokionean ere, udako lau pilotaririk onenak elkarren aurka ariko dira. Jokatutako partida guztiak irabazita, Maddalen Etxegarai eta Enara Gamindek osatu dute, ezbairik gabe, txapelketako bikoterik sendoena. Laukizkoa da, gaur egun, atzeko koadroetan zulorik handienak irekitzen dituen pilotaria eta Etxegarai oñatiarrak etekin bikaina ateratzen dio bere bikotearen indarrari, tantoak eraginkortasunez amaituta.
Parean, Olatz Arrizabalaga izango da bikotearen izarra. Gernikarra, eguna duenean, geldiezina da. Saketik hasita, partidaren erritmoa bere interesen arabera ezartzeko gai da eta erremateetan postura guztiak maneiatzen ditu. Arrate Bergarari atzean eustea tokatuko zaio eta, lortzen badu, txapelaren zati handi bat irabazia izango dute.
Maila handiko lau pilotari hauei egokituko zaie Udako Master LABORAL KUTXA honen amaieraren gidoia idaztea. Filmetan edozer da posible eta finalera sailkatutako bikoteak ezagututa, Atano III.ean ere zirrarak eta ikuskizunak ziurtatuta dirudite. Filmik onenetan estrek ere sekulako garrantzia izaten dutenez, Donostiako Udaleko eta Emakume Master Cup Zirkuituko arduradunek igandean pilotalekura gerturatzeko deia luzatu dute, zinemaren magiak lagunduta, final ederra aurreikusten baita.
Txapelketa honen finala Donostia Kirolak berriki aurkeztu duen Donostia Pilota egitasmoaren barruan kokatzen da, zeinak Donostian pilotaren sustapena duen helburu, lerro ezberdinak bultzatuz (profesionala, emakumezkoa, federatua, egokitua, amateurra). “Donostia Pilota plana agintaldi honetako lehentasun bat da Donostia Kirolarentzat, eta txapelketa honen finala Atanon hartzea norabide horretan pausu garrantzitsua da”, adierazi du Iñaki Gabarainek, Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak.
Aktualitatea
Aktualitatea