Albisteak
Kirol Ekintzak 2023/24 Kanpainarako aurreinskripzioen hasiera: ekainak 5
2023-06-02
Donostia Kirolak antolatzen duen 2023/24 Kirol Ekintzak Kanpainak 20.000 plaza baino gehiago eskainiko ditu, udal kirol-instalazio guztietan antolatu diren 1.500 ikastaroetan banatuta. 2022/23 kanpainan 15.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, aurreko urtean baino % 18 gehiagok.
Jardueren eskaintza
Programa berri honekin, adin guztientzako eskaintza duten 80 kirol modalitate baino gehiago aukera daitezke, bai igerilekuan (igeriketa, uretako mantentze-gimnasia, bizkarreko terapia...), bai aretoan (ziklo-indoor, pilates, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 plus, judoa, hipopresiboak...), bai pistetan (tenisa eta padel-a), bai aire zabalean (running, surf.).
Berrikuntza gisa, ikastaroek ohi baino iraupen luzeagoa izango dute, iraileko azken astetik ekainaren erdialdera arte.
Izena emateko prozesua
Zozketa bidez esleituko dira Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Paco Yoldi, Egia, Altza eta Belodromoko jardueretarako eskuragarri dauden plazak. Horretarako, interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute ekainaren 5etik 14ra.
Aurreinskripzioa donostiakirola.eus webgunearen bidez aurkeztea gomendatzen da, baina Donostia Kirolaren bulegoetan eta Bidebieta, Bentaberri, Egia, Paco Yoldi, Etxadi, Altza eta Intxaurrondoko kiroldegietan ere jasoko dira. Zozketa ekainaren 19an egingo da.
Gainerako udal kirol instalazioetarako (Zuhaizti, Manteo, Mons, Pio Baroja, Tenis Ondarreta, Casanao eta Arte Martzialen Aretoa), interesa duten pertsonak klub kudeatzailearekin harremanetan jarri beharko dira, jarduera bakoitzean antolatzen diren izena emateko prozesua kontsultatzeko.
Kirol Ekintzak Aukeran
Ikastaroen ohiko eskaintza horrez gain, Donostia Kirolak Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzua mantentzen du. Sistema malgua da, eta, bertan, pertsona bakoitzak bere kirol-jarduera planifikatu dezake, instalazioa eta jarduera hautatuta, bai eta egin nahi den saio bakoitzaren eguna eta ordua ere. Hileko kuota bat aukera daiteke, edo astero eguneratzen den programazio zabaleko saio solteak erreserbatu. 2022/23 ikasturtean 10.000 saio baino gehiago erreserbatu dira zerbitzu honen bidez, kopuru errekorra zerbitzu hau martxan jarri zenetik.
Zerbitzuaren balorazio ona
Donostia Kirolak ikastaro horietan parte hartzen dutenen artean urtero egiten duen inkestak balorazio altua erakusten jarraitzen du, 10etik 8ko nota gainditzen duena. Monitoreak, informazio- eta inskripzio-prozesuak (batez ere online) eta kirol-guneen garbitasuna dira ondoen baloratzen diren alderdiak.
Aktualitatea
Aktualitatea