Albisteak
Kirol Ekintzak 2024/2025 Kanpainako ikastaroetarako aurretiko izenemateak ekainaren 12ra arte egin ahal izango dira
2024-06-03
Donostia Kirolak datorren denboraldirako antolatu duen Kirol Ekintzak 2024/25 Kirol Jardueren Kanpainak 21.390 plaza eskainiko ditu, udal kirol-instalazio guztietan eskainiko diren 1.400 ikastaroetan banatuta. 2023/24 kanpainan 15.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, aurreko urtean baino % 5 gehiagok.
Jardueren eskaintza
Programa berri honekin, adin guztientzako eskaintza duten 80 kirol modalitate baino gehiago aukera daitezke, bai igerilekuan (igeriketa, uretako mantentze-gimnasia, bizkarreko terapia...), bai aretoan (ziklo-indoor, pilates, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 plus, judoa, hipopresiboak...), bai pistetan (tenisa eta padel-a), bai aire zabalean (running, surf.). Kanpaina honen berritasunen artean, Altzako Kiroldegian indoor zikloko ikastaro birtualak eta jarduera berri bat, Circuit Training, hainbat instalaziotan.
Ikastaroak irailaren azken astean hasi eta ekainaren 15ean amaituko dira.
Izena emateko prozesua
Zozketa bidez esleituko dira Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Paco Yoldi, Egia, Altza eta Belodromoko jardueretarako eskuragarri dauden plazak. Horretarako, interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute ekainaren 3tik 12ra.
Aurreinskripzioa donostiakirola.eus webgunearen bidez egitea gomendatzen da, baina Donostia Kirolaren bulegoetan eta Bidebieta, Bentaberri, Egia, Paco Yoldi, Etxadi, Altza eta Intxaurrondoko kiroldegietan ere jasoko dira. Zozketa ekainaren 17an egingo da.
Gainerako udal kirol instalazioetarako (Zuhaizti, Manteo, Mons, Pio Baroja, Tenis Ondarreta, Casanao eta Arte Martzialen Aretoa), interesa duten pertsonak klub kudeatzailearekin harremanetan jarri beharko dira, jarduera bakoitzean antolatzen diren izena emateko prozesua kontsultatzeko.
Kirol Ekintzak Aukeran
Ikastaroen ohiko eskaintza horrez gain, Donostia Kirolak Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzua mantentzen du. Sistema malgua da, eta, bertan, pertsona bakoitzak bere kirol-jarduera planifikatu dezake, instalazioa eta jarduera hautatuta, bai eta egin nahi den saio bakoitzaren eguna eta ordua ere. Hileko kuota bat aukera daiteke, edo astero eguneratzen den programazio zabaleko saio solteak erreserbatu. 2023/24 ikasturtean, 930 pertsonak erabili dute zerbitzu hori, eta 13.200 saio erreserbatu dira. Errekor horrek erakusten du zerbitzu horrek onarpen handia izan duela.
Zerbitzuaren balorazio ona
Donostia Kirolak ikastaro horietan parte hartzen dutenen artean urtero egiten duen inkestak balorazio altua erakusten jarraitzen du, 10etik 8ko nota gainditzen duena. Begiraleak, informazio- eta inskripzio-prozesuak (batez ere online) eta kirol-guneen garbitasuna dira ondoen baloratzen diren alderdiak.
Aktualitatea
Aktualitatea