Kirol Ekintzak kanpainako kirol ikastaroak urriaren 5ean hasiko dira.

2020-10-02

Urriaren 5ean, astelehena, Donostia Kirolak antolatutako Kirol Ekintzak Kanpainako 1.600 kirol-ikastaro baino gehiago jarriko dira martxan udalaren kirol instalazioetan. Ikastaro horietan orain arte egindako izen-emateak aurreko kanpainetakoak baino %35 txikiagoak dira, baina ikastaroetako plaza kopurua ere %30 inguru murriztu da, behar diren segurtasun neurriak bermatzeko.

Oraingoz, 4.773 pertsonak eman dute izena jardueretan, eta horietatik %70 emakumeak dira. Izena emateko epea zabalik egonen da ikasturte osoan, plaza libreak dauden bitartean. Pilates eta indoor zikloa dira helduen artean gehien eskatzen diren jarduerak eta haurren igeriketa. 65 urtetik gorakoentzako jarduerek ere erantzun ona dute, 600 pertsonak baino gehiagok eman baitute izena mantentze gimnasia, igeriketa edo uretako gimnasia ikastaroetan. Hala ere, kolektibo horretan nabaritu da gehien inskripzio kopurua jaitsi dela.

KIROL EKINTZAK AUKERAN

Aukeran Kirol Ekintzak zerbitzua abian den bigarren urtean sartu da eta gero eta jende gehiagok erabiltzen du. Sistema malgua da, eta pertsona bakoitzak bere kirol jardueraren plangintza egin dezake, nahi duen saio bakoitzaren instalazioa, jarduera, eguna eta ordua aukeratuz. Hileko kuota bat edo asteko programazio zabal bateko saio solteak erreserba daitezke, 400 saio baino gehiago aukeran. Aurreko ikasturtean, batez beste, 1.000 saio egin ziren astean zerbitzu horren bidez.

KIROLAREN EUROPAKO ASTEA

Europako Kirolaren Astearekin bat etorriz, Donostia Kirolak doako kirol-jarduerak eskaini dizkie Kirol Txartelaren abonatuei aste honetan. Behin-behineko balantzea jarduera horietan izena eman duten 960 lagunekoa da, batez ere pilaten eta indoor zikloan.

Aktualitatea