Kirol Ekintzak Kanpainaren kirol ikastaroek 1.400 plaza eskainiko dituzte udan ere kirola egiten jarraitzeko

2022-04-27

Izena emateko epea maiatzaren 2an irekiko da eta aurten eskaintza egongo da Altzako Kiroldegi berrian.

Kirol Ekintzak 2021/22 Kanpainako ikastaroak (16 urtetik gorakoei zuzendutakoak) maiatzean amaituko dira. Hori dela eta, Donostia Kirolak kirol ikastaroen eskaintza bat diseinatu du ekainaren 6tik aurrera udal kiroldegietan. Ikastaroek hiru hilabeteko iraupena izango dute: ekaina, uztaila eta iraila. Abuztuan ez da saiorik izango, hilabete horretan kontzentratzen baitira mantentze-lanen urteko itxierak.

Guztira, 1.400 plaza baino gehiago eskaintzen dira hiriko udal-kiroldegietan programatu diren 104 ikastaroetan, honako jarduera hauekin: indoor zikloa, GAP, pilates, aerobik, latinzumba, padela, Cross Training, TRX eta beste batzuk. Berrikuntzen artean, Total body eta Total Training eskainiko dira. Inauguratu berri den Altzako Kiroldegiak ere bere jarduera eskaintza izango du, 150 plaza baino gehiagorekin indoor zikloko, Total body, Pilates, gap eta beste jarduera batzuetako ikastaroetan.

Ikastaro horietarako izen-emateak on-line egin ahal izango dira maiatzaren 2tik aurrera, ahal dela Donostia Kirolaren webgunetik, baina Donostia Kirolaren bulegoetan eta udal kiroldegietan ere egin ahal izango dira. Ikastaro guztien informazio zehatza donostiakirola.eus webgunean kontsulta daiteke.

 

 Jardueren informazioa

Aktualitatea