Martxoaren 6tik aurrera Mendi Urruzunoren Hamaika emakume*, hamaika erronka argazki erakusketa Intxaurrondo KEn

2025-03-05

 

Mendi Urruzuno argazkilariak Hamaika emakume*, hamaika erronka izeneko erakusketa aurkeztu du gaur Intxaurrondo Kultur Etxean. Proiektua, Intxaurrondo Berri Emakume elkarteak urtero antolatzen duen Emakumearen Astearen baitan kokatzen da eta Donostia Kultura eta Donostia Kirolarekin elkarlanean burutu da.

Erakusketaren aurkezpenean Mendi Urruzuno argazkilari errenteriarraz gain, Intxaurrondo Berri Elkarteko Mertxe Bergua, Donostiako kirol zinegotzi den Iñaki Gabarain eta Iker Tolosa Intxaurrondo Kultur Etxeko zuzendariak parte hartu dute.

Intxaurrondoko Emakume Asteak gai jakin bat izan ohi du hizpide urtero, eta aurten Kirolari begira jarri da. Izan ere, bihar, martxoaren 6an, publikoki irekitzen den erakusketaz gain, datozen egunotan bertso saio bat, film proiekzioa eta solasaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte, Kultur Etxean bertan.

Zalantzarik ez da Donostialdea eta Gipuzkoako emakume kirolarien maila bikaina dela, eta hainbat kiroletan azken urteetako garapena aparta izaten ari dela. Berdintasun eta genero ikuspegi batetik ere, agerikoa da kirol sistema osoak aldaketa eta aurrerapauso nabarmenak bizi dituela, maila guztietan. Hala ere, edo gizarte mailan ematen ari den esnatze horregatik hain zuzen, gero eta nabarmenagoak eta agerikoak dira genero ikuspegitik dauden oztopo edota gabeziak.

Donostia Kultura eta Donostia Kirolaren enkarguz, betaurreko moreak bere kameraren objektiboagatik aldatu ditu Urruzunok argazki bilduma honetan hainbat gaien inguruan arreta pizteko. Eta hor dira, premiaz aldaketa eta esku-hartzeak eskatzen dituzten erronka eta oztopoak, batetik, baina baita ere lorpen eta garaipenak bestetik ere. Badira gaur egungo goi mailako kirolariak, eta aitzindariak ere; ezagunak eta anonimoak. Kirola ez baita soilik lehiaketa kontua.

Urruzunok emakumea* -bere izartxo eta guzti-, eta kirola gaia zeharkatzen dituen hamar gai inguru landu ditu, bakoitza lurraldeko kirolariren batekin lotuz. Argazkiak bikoteka antolatu ditu, erretratuak eta sormen ariketak elkartuz. Bikote horietako bakoitza,  Naiara Rodríguez Garayarrek gai jakin horri aipamen egiten dion testu labur batez lagunduta dator. Modu honetan, emakume* kirolariei begirada poliedrikoa bota diote, jakitun, egindako argazki eta testuez gain bigarren edota hirugarren erakusketa baterako materiala atera litekeela, gaia ertz ugari eta lanketa askoren beharrean dagoelako.

Erakusketan gai hauetako batzuei heldu diote, hala nola profesionaltasunerako zailtasunak, kirol eta instituzio egituren falta, kirol egokituan dauden zailtasun gaineratuak, LGTBI+ arloan dauden gabeziak, kirol praktika soilean sortzen diren ahizpatasun harremanak, hezkuntza mailan egin beharreko lanak, gorputz normatiboen nagusikeria, eta abar.

Erakusketan argazki-kamerarekin erretratatuak dauden emakumeak hauek dira:

  • Amaiur Sarriegi (futbola)
  • Nahia Zudaire (igeriketa)
  • Beltzak emakume eta queer taldea (Errugbia)
  • Maite Ruiz de Larramendi Mujika (pilota)
  • Amalur Arbelaitz Arbelaitz (Herri kirola)
  • Esther Arrojeria Arantzazistroke (Eskubaloia)
  • Arantxa Etxebeste Etxabe, Kontxi Esnaola Castillo, Kontxi Odriozola Ayesta, Pepi Tárrega Tordesillas (Kontxako igerilariak)
  • Ane Pablos Gutierrez, Izaro Solis Murgi,  Lucía Manzano Cabreras, Maira Cristina Talpos, Ane Escudero (Eskola Kirolako eta eskolako patioko kirolariak)
  • Kontxi Soroa (Atletismo)
  • Maika Gómez (Futbola)

Bestalde, honakoa izango da 2025eko Intxaurrondoko Emakumearen Astearen  programazioa:

 Martxoaren 6an

- Intxaurrondo Berri Emakume Elkarteko manifestuaren irakurketa

- Mendi Urruzuno argazkilariaren Hamaika emakume*, hamaika erronka erakusketaren inaugurazioa eta bisita gidatua

- Musika emanaldia: Sara Mansilla

 Intxaurrondo K.E., 19:00

  Martxoaren 7an

- Emakumea eta kirola, bertso saio berezia:

  • Alaia Martin Etxebeste
  • Oihana Iguaran Barandiaran
  • Elixabet Pagola Apezetxea

Gai-jartzailea: Ainhoa Urien Telletxe

Intxaurrondo K.E., 19:00

 Martxoaren 10ean

Traineras, pasión por el remo. Dokumentalaren emanaldia eta mahai-ingurua, Kristina Zorita kazetariak gidatuta:

Gonbidatuak: Nadeth Agirre (Orioko patroi ohia) eta Maika Tameron (Hibaikako zuzendaritzakide eta ARC Ligako lehendakari ohi, eta egun ARC-KAEko kudeatzailea)

Intxaurrondo K.E., 18:30

 Martxoaren 11n

Mahaingurua, Mujer y deporte

Eva Monente kazetariak gidatuta eta hurrengo parte-hartzaileekin:

  • Tati Garmendia
  •  Cristina Ubani
  •  Garbiñe Etxebarria
  •  Miren Martiarena

Intxaurrondo K.E., 19:00

 

Aktualitatea