Albisteak
Otsailaren 1ean irekiko da Paco Yoldi Kiroldegiko gimnasio berria
2022-01-28
Gimnasio berriak, taberna eta jarduera-aretoak zeuden lekuan eraikiak, 600m2-ko azalera du eta 322.000 €-ko inbertsioa ekarri du. Horri hilean 10.000 €inguruko kostua gehitu beharko zaio makinen renting kontzeptupean.
Eremu kardiobaskularrak, igerilekura begira, hainbat motatako 55 makina ditu (korrika egiteko zintak, bizikletak, erremoergometroak, eliptikoak, etab.), merkatuko makinarik modernoenetako batzuk barne, hala nola eski-simulagailuak, zinta gurpildun kurbatuak, air bikeak edo eskailera-simulagailuak.
Makina gidatuekin indarra lantzeko edo muskulatzeko eremuan, beste 17 makina instalatu dira, eta horiekin muskulu-talde guztiak landu ahal izango dira: bizepsak, koadrizepsak, deltoideak, abdominalak, etab.
Pisu libreko eremuak hainbat banku mota ditu, esekitokietarako makinak, power-rack jasotze-plataformak, etab. Pisu libreen aukera zabala ere badago, besteak beste, olinpiar barrak eta 42 kg-rainoko mankuernak.
Azkenik, eremu funtzionalean poleak, uztaiak edo TRXak dituen egitura bat jarri da, baita luzatze-eremu bat ere. Lan funtzional horretarako hainbat material ere jarri da eremu horretan: dominatuen barrak, boxeo-zakua, baloi funtzionalak, gudu-sokak, mini tranpa, etab.
Makinek Bluetooth teknologia dute, kanpoko gailuekin konektatzeko eta erabiltzaileek entrenamenduak erregistratu ahal izateko eta lan kontrolatuagoa egin ahal izateko, gimnasioko monitoreak aholkatuta. Ildo horretan, erabiltzaileek aplikazio propio bat deskargatu ahal izango dute horretarako.
Gimnasioko ekipamendua renting formularen bidez kontratatu da, inbertsioa zuzenean egin beharrean. Horrek hobekuntza handiak ekarriko ditu makinen mantentze-lanetan eta eguneratzean. Adibidez, matxurak gehienez 72 orduko epean konpondu beharko dira, eta epe hori gaindituz gero, antzeko beste batekin ordeztuko da makina. Gainera, kontratu horrek bost urteko iraupena izango du, eta horien amaieran gimnasioa erabat berrituko da.
Horma-artea duen gimnasioa
Gimnasio berri honen beste ezaugarrietako bat da hormetan horma-artea duen Donostiako lehenengoa dela. Nextor Otaño (@nexgraff) euskal artista gazteak bi mural handi margotu ditu Donostia Kirolarekin elkarlanean, kirola eta erretratu errealista uztartuz. Artista hau ere Arrobitxuloko Bolatokian egindako obraren egilea da.
Gimnasioko guneak
Kardiobaskular gunea
Muskulazio gunea
Pisu libreko gunea
Funtzional gunea
Aktualitatea
Aktualitatea