Polloe Hileta Zerbitzuak: maizen egiten diren galderak
Hobe da beti aurrea hartzea. Polloetik gomendatzen dugu aurrez prestatzea, une gogor horietan egoera desatseginak saihesteko. Horretarako, jarri harremanetan hileta-etxe batekin zerbitzua antolatzeko, eta Polloerekin hilerri eta errausketa-labeari buruzko guztirako.
Une hau aurrez prestatuz gero, ezinbestekoa da senide eta lagunei jakinaraztea, zure nahiaren arabera joka dezaten.
Heriotza baino lehen
Edozein hileta-etxetan aurrekontua eskatu daiteke eta hilkutxa, lekualdaketa, eskela, hilerria, beilatokia, errausketa-labea eta abarri buruzko guztia kontsultatu. Aurrez egiteak izapide asko saihestuko ditu heriotza unean.
Panteoiaren titularrek euren egoera kontsulta dezakete gure bulegoetan. Hildakoa titularra ez bada, hilobiko titular batek baimendu beharko du lurperatzea.
Gainera, errautsak lurperatzeko aukerak kontsulta daitezke, bai errautsontzi batean, bai horma-hilobi batean.
Nola utzi dezaket nire nahia jasota gaixotasun larri edo heriotza baten aurrean?
Horretarako, bizi-testamentua dago, aurretiazko borondateen edo aurretiazko jarraibideen dokumentu gisa ere ezagutzen dena.
Dokumentu honen bidez, pertsona batek idatziz utz dezake bere borondatea, bere kabuz adierazi ezin duenean errespeta dadin, bai bere osasunarekin lotutako zaintza eta tratamenduei buruz, bai, behin hildakoan, bere gorputzaren edo organoen helmugari buruz.
Panteoi bat daukat, nor izango da haren titularra ni hiltzen naizenean?
Legezko oinordekoek titular bihurtzeko eskubidea izango dute.
Panteoiaren titulartasuna nork izan behar duen berariaz jasota uzteko, testamentuan adierazi.
Ez daukat panteoia eta lurperatua izan nahi dut, zer egin dezaket?
Panteoi bat eskuratzeko aukerak daude 25, 35 edo 49 urteko iraupenarekin.
Aukera horiez gain, horma-hilobi batean lurperatua izatea ere posible da. Kasu honetan, hilobiak aldi baterako erabilera du, 8 urteko iraupenarekin.
Heriotza baten aurrean, zer aukera daude?
Bi aukera daude: lurperatzea edo erraustu .
Lurperatzeak beti hilerrietan egiten dira eta errausketak errausketa-labeetan.
Lurperatzeen kasuan, aldi baterako hilobi bat (horma-hilobia) edo panteoi bat aukera daiteke.
Errausketaren kasuan, errautsak kutxa batean ematen dira eta hurbilekoek hilerrian prestatutako guneetan (kolunbarioetan edo errautsontzietan) utzi ditzakete edo egoki iruditzen zaien lekuan gorde.
Zer gertatzen da heriotza atzerrian edo hiritik kanpo gertatzen bada?
Kasu horretan, heriotza gertatu den herriko hileta-etxea arduratzen da hileta-zerbitzuaz.
Hileta-etxe hau hildakoaren bizilekuko hileta-etxearekin eta hilerriarekin koordinatuko da lekualdaketa eta lurperatzea antolatzeko, hala badagokio.
Errausketaren alde eginez gero, heriotza gertatu den lekuan egiteko aukera dago eta senideek beraiek eraman ditzakete errautsak bizilekura.
Nola jokatu duela gutxi gertatutako heriotza baten aurrean
Hileta-etxea
Lehenik eta behin, lasai egon. Deitu hileta-etxera, han azalduko dizute labur zer urrats egin. Eskatuko dizute:
-
hildakoaren izena
-
heriotza-asegururik duen
-
beharrezko dokumentazioarekin euren bulegoetara joatea
Hileta-etxeak heriotza izapidetzeko behar duen dokumentazioa honako hau da:
-
hildakoaren NAN
-
hileta-asegururen bat izanez gero: ordaindutako azken ordainagiria
-
argazkidun eskela argitaratu nahi izanez gero: hildakoaren argazki bat
Hemendik aurrera, zerbitzuak kontratatuta, hileta-etxeak honako hau egiten du:
-
heriotza gertatu den lekura joan, edozein dela ere, Donostian edo Gipuzkoan
-
Polloe, Altza eta Igeldoko hilerriekin eta Polloeko errausketa-labearekin izapideak kudeatu
-
aseguru-konpainiarekin harremanetan jarri, heriotza-asegurua izanez gero, eta beharrezkoa konpondu
-
beilatokiak eskaini eta beste batzuk kudeatu hala eskatuz gero. Altzako hilerriak bere beilatokia du
-
tokiko, probintziako edo estatuko komunikabideetarako eskelak prestatu, jarraibideen arabera
-
lore-apaingarriez (koroak, sortak, zentroak) arduratu eta hildakoa dagoen lekuan entregatu
-
hildakoa edozein helmugara eramatea kudeatu, bai estatuan bai nazioartean, dokumentazioa eta lekualdaketa bere gain hartuz
-
erregistro zibilean beharrezko izapide guztiak egin
-
telefonoa, oro har, eguneko 24 orduetan erabilgarri dago behar duenari laguntzeko
Hilerria eta errausketa-labea (lurperatu edo erraustu)
Legezko oinordekoek titular bihurtzeko eskubidea izango dute.
Lurperatzea
1. Familia-panteoia:
-
panteoia lurperatzeko irekitzea: izapide hau Polloeko bulegoetan egin behar da lurperatu aurretik. Panteoiaren titularrek soilik eska dezakete irekitzea heriotza kasuan. Hildakoa titularra bada, edozein hurbilekok sina dezake eskaera
-
izapide honek bermatzen du panteoia ez dela baimenik gabe irekiko
-
gainera, inskripziorako baimen-dokumentu bat sinatzen da, marmolariari heriotzari dagokion inskripzioa egiteko aukera ematen diona
2. Horma-hilobia edo hobi arrunta:
-
aldi baterako hilobi batean lurperatzea da
-
lurperatu ondoren, arduradunak dagokion dokumentua sinatu beharko du
-
dokumentu hau ezinbestekoa da gorpuzkiak eskatzeko edo emakidaren luzapena eskatzeko epea amaitzen denean (gaur egun 8 urte)
Erraustu
-
Erraustu Polloeko errausketa-labean egiten da eta, errautsak entregatzeko dokumentua sinatu ondoren, familiak errautsak kutxa batean jasotzen ditu
Agur-ekitaldirik egiten al da?
Familia eta lagunek 15 minutu dituzte lurperatu edo erraustu aurretik agur esateko intimitate osoz, hilobian bertan edo errausketa-labeko aretoan. Nahi izanez gero, agur-ekitaldia pertsona erlijioso batek zuzendu dezake.
Hileta-meza egin daiteke Polloen?
Polloeko eliza dugu noizean behin hileta erlijiosoak ospatzeko. Gutxi gorabehera 30 minutu irauten du eta prezio finkatua du. Informazio gehiagorako, jarri harremanetan gure bulegoekin edo deitu 943 483 540 telefonora.
Lurperatu edo erraustu ondoren egin beharreko izapideak
Hildakoa zen hilobiaren titularra, zer egin behar dut?
Hilobiaren titularra hil bada, oinordekoek panteoiaren titulartasuna eguneratzeko eskubidea dute. Beharrezko dokumentazioa:
- panteoiaren jatorrizko titulua (ez badute, ez dago arazorik; badute eta gorde nahi badute, ezeztatuta zigilatu eta itzuli daiteke)
- titularraren edo titularren eta hildako oinordekoen heriotza-ziurtagiria (heriotza gertatu zen lekuko Erregistro Zibilean eskatzen da)
- titularraren edo titularren eta hildako oinordekoen azken borondateen ziurtagiria (inprimakia Erregistro Zibilean eskatu eta Madrilera bidali; erantzuna handik iritsiko da)
- titularraren edo titularren eta hildako oinordekoen testamentua
- testamenturik ez badago: familia-liburua edo, halakorik ezean, seme-alaben jaiotza-ziurtagiria. Bigarren odolkidetasun-mailatik aurrera, oinordekoen adierazpena beharko da (oinordekoak nortzuk diren adierazten duen notario-akta)
- eskatzaileen NANaren kopia
Non egin dezaket inskripzioa panteoi, horma-hilobi edo errautsontzietan?
Zenbat denbora egoten da gorputza edo errautsak lurperatuta?
Panteoien kasuan, ez dago gorputza ateratzeko epe-mugarik.
Aldi baterako hilobietan, hala nola horma-hilobi, hobi, kolunbario edo errautsontzietan, gorpuzkiak ateratzen dira heriotzatik 8 urte igaro ondoren.
Aurretik, Polloek prentsan iragarki bat argitaratzen du eta gutunak bidaltzen dizkie arduradunei lurperatzean emandako helbidera.
Ordaindu behar al da urtero hilobi bat hilerrian mantentzeko?
Horma-hilobi, hobi, kolunbario eta errautsontzietan, lurperatzeagatik ordaindutako prezioak 8 urteko egonaldia barne hartzen du hilerrian.
Titulartasun partikularreko panteoien kasuan, urteko tasa bat ordaintzen da hilerriak oro har mantendu eta zaintzeko, ez hilobia mantendu edo garbitzeko.
Nahi izanez gero, Polloek garbiketa edo mantentze zerbitzua du kontratatzeko.
Ba al daude panteoi libreak?
Gaur egun, udal hilerrietan panteoi eskaintza zabala dago. Emakida-epeak 25, 35 edo 49 urtekoak izan daitezke.
Nahi izanez gero, joan gure bulegoetara, han beharrezko informazio guztia emango dizugu.
Nola manten dezaket panteoia garbi?
Polloek hainbat garbiketa aukera eskaintzen ditu panteoietarako. Garbiketa puntualak aukera daitezke, adibidez, laster egingo den lurperatze baterako, edo aldizkako garbiketak, kontratatutako aldian panteoia egoera onean mantenduko dutenak.
Informazio gehiagorako, kontsultatu, joan gure bulegoetara edo deitu 943 483 540 telefonora.